1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Gogoratu: «dion» eta «dioen» ez dira parekoak

Gogoratu: «dion» eta «dioen» ez dira parekoak

Gomendioak
  • Zenbaitetan, dioen erabili ordez, dion erabiltzen da.

Batzuetan, honelakoak entzuten edo irakurtzen dira: «Badakizu zer dion esaera zaharrak», «Amak gezurra diola erakutsi nahi izan du semeak», «Berak dionez, kantuek norberaren egunerokotasunaren isla eta ospakizuna aldarrikatzen dituzte».

Zenbaitetan, esan/erran aditz trinkoaren dioen adizkiaren ordez dion erabiltzen da, baina dion adizkiak beste balio bat du euskara batuan.

Adibidez, «zer ekarri dion ikusi nahi du» esaldiko dion horren oinarrian dio laguntzailea eta –(e)n menderagailua daude.

Besterik da emakumezkoei zuzendutako hitanoko dion adizkia, esan/erran aditzari dagokiona. Adibidez, «zergatik dion hori?» esaldiaren parekoa litzateke «zergatik esaten dun hori?».

Hortaz, bereizketa hori kontuan hartuta, honela idatziko genituzke hasierako esaldi horiek: «Badakizu zer dioen esaera zaharrak», «Amak gezurra dioela erakutsi nahi izan du semeak», «Berak dioenez, kantuek norberaren egunerokotasunaren isla eta ospakizuna aldarrikatzen dituzte».

 

Ikus halaber:

dion ≠ dioen, nion ≠ nioen, genion ≠ genioen, zenion ≠ zenioen

adizkiaren forma-aldaketak, aditz laguntzailea + menderagailuak (-(e)n, -(e)la, -(e)lako) elkartzean

Irudia (esku bat "dioen" hitza duen elkarrizketa-burbuilari eusten), testua ("zenbaitetan, "dioen" erabili ordez, "dion" erabiltzen da), eta Euskaltzaindiaren eta UZEIren logoak