1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Entrenatu»: erabilera-gomendioa

«Entrenatu»: erabilera-gomendioa

Gomendioak

Zenbaitetan honelakoak entzuten eta irakurtzen dira komunikabideetan eta sarean: «Realak ateak irekita entrenatu du gaur», «Kirola egiten duten pertsonen erdiak baino gehiagok gimnasioetan entrenatzen dute», «Taldeko jokalari batzuk eta entrenadorea ere ezagutzen nituen», «Txapelketaren eguna arte, jokalariek asteartero entrenatuko dute».

‘Kirol jakin batean trebetasuna lortzeko edo sasoian egoteko ariketa aproposak egin’ adiera duenean, da erregimena du entrenatu aditzak. Adibidez: «Gogotik entrenatu naiz igerian» (eta ez *entrenatu dut).

‘Kirol jakin batean trebetasuna lortzeko ariketa aproposak eginarazi’ adiera duenean, berriz, du aditz-erregimena hartzen du aditz horrek. Adibidez: «Zuk futbol-taldea entrenatuko duzu».

Bestalde, Euskara Batuaren Eskuliburuan gogorarazten den bezala, entrenatzaile hautatu da batasunerako (eta ez *entrenadore). Zenbaitetan, horren sinonimo gisa erabiltzen da mister, baina hiztegi arauemailean ‘edertasun lehiaketa bateko irabazlea den gizonezkoa’ adiera bakarrik du izen horrek, oraingoz, behintzat.

Hortaz, goragoko esaldi horiek honela moldatzekoak lirateke: «Reala ateak irekita entrenatu da gaur», «Kirola egiten duten pertsonen erdia baino gehiago gimnasioetan entrenatzen da», «Taldeko jokalari batzuk eta entrenatzailea ere ezagutzen nituen», «Txapelketaren eguna arte, jokalariak asteartero entrenatuko dira».