Hiztegi arauemailean zehazten denez, azpitxapeldun ez erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak, hitz horrek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik. Aldiz, txapeldunorde jaso du hiztegian ‘txapelketa edo lehiaketa batean bigarren gertatzen dena’ adierarekin.
Hala ere, zenbaitetan horrelako esaldiak irakur daitezke sarean eta komunikabideetan: «Munduko azpitxapeldun izan zen birritan», «Nafarroako txapelketan azpitxapeldun izan ondotik lortu du Euskal Herriko txapela».
Horien ordez, honako molde hauek lirateke egokiak: «Munduko txapeldunorde izan zen birritan», «Nafarroako txapelketan txapeldunorde izan / bigarren geratu ondotik lortu du Euskal Herriko txapela».
Zer esanik ez dago, azpitxapel eta azpitxapelketa hitzak ez dira ageri hiztegian, noiz edo noiz horrelakoak erabili izan diren arren: «Txapelketan inolako partidarik jokatu gabe lortu zuen azpitxapela», «Ilusioz beteta joan arren, azpitxapelketarekin konformatu behar izan zuen».
Horrelakoak adierazteko, nahikoa izan daiteke honako molde hauek erabiltzea: «Txapelketan inolako partidarik jokatu gabe lortu zuen bigarren geratzea / txapeldunorde izatea», «Ilusioz beteta joan arren, txapelketan bigarren / txapeldunorde geratzearekin konformatu behar izan zuen».
Bide batez, gogoratu txapel hitzak ez duela -a itsatsirik. Beraz, «14 pilotari, txapelarik gozoenaren bila», «Zenbat txapela dituen galdetuta, ez dakiela erantzun du» eta antzekoen ordez, honelako moldeak lirateke egokiak: «14 pilotari, txapelik gozoenaren bila», «Zenbat txapel dituen galdetuta, ez dakiela erantzun du».