- Windsorko etxeko kideak izendatzeko erabiltzen den windsortarrak forma letra xehez idaztekoa da
Epstein auziaren harira, Erresuma Batuko erregearen anaia hizpide dela eta, idazkera-gomendio batzuk bildu ditugu.
Charles III.a (ez Karlos III.a)
Euskaltzaindiaren 186. arauak dioenez, Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik (alegia, 1945az geroztik) errege edo erregina bihurtu direnen izenak ez dira euskarara egokitzen, eta jatorrizko izenak erabiltzen dira. Hortaz, Charles III.a da forma egokia.
Errege Etxe
Errege-erreginen bizileku den etxea izendatzen badu, letra xehez idazten da: errege-etxe/errege etxe. Baina, Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehazten duenez, errege-familiako kideen eta haien enplegatuen multzoa izendatzen duenean, E larriz idazten da: Errege Etxe. Adibidez, «Errege Etxeak tituluak kentzeko prozesua hasi eta aste batzuetara atxilotu dute Andrew».
windsortarrak (ez Windsortarrak)
Windsorko etxeko kideak izendatzeko erabiltzen den windsortarrak forma letra xehez idaztekoa da. Horrelako izenak gehienetan pluralean erabiltzen dira, 182. arauan esaten denez.
Buckingham jauregia baina Downing Street
Kanpoko kale-izenak euskaratzen ez direnean, jatorrizko hizkuntzan bezala idatzi behar dira letra larriak. Hortaz, Downing Street idazten da euskaraz ere (ez *Downing street).
Eraikuntza-lanetako atal generikoa (jauregia, dorrea, plaza eta abar) letra xehez idazten denez, Buckingham jauregia da idazkera egokia.
Biziarteko espetxe-zigorra (ez *bizi arteko espetxe-zigorra)
Andrew printzeari ezar omen diezaioketen zigorra hizpide den honetan, gogoan hartu ‘norbaiten bizitzak irauten duen bitartean irauten duena’ adiera duen biziarteko adjektiboa hitz bakarrean idazten dela (ez bizi arteko). Bide beretik, biziarteko espetxe-zigor jaso du Euskaltzaindiak hiztegian (biziarteko espetxe zigor formarekin batera).
printze ohia, marratxorik gabe
Adjektibo-balioa duen ohi partikula marratxorik gabe idazten da, eta haren baliokidea den izan bezala moldatzen da: irakasle ohia / irakasle izana.
Ikus halaber:
Erresuma Batuko erregina hizpide: zergatik deitzen zitzaion «Elizabeth II.a» eta ez «Elisabet II.a»?


