1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Kantauri» eta «kantauriar»: erabilera-gomendioa

«Kantauri» eta «kantauriar»: erabilera-gomendioa

Gomendioak
  • Kantauri isurialdea esamoldea saihestea komeni da.

Askotan, honelakoak entzuten edo irakurtzen dira han-hemenka: «Bihar tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira Kantauri isurialdean». «Euri asko egingo du, bereziki, Kantauri isurialdeko zenbait lekutan».

Kantauri itsaso baten izena da, ez isurialde baten izena. 159. arauan esaten den bezala, Kantauri eta Kantauri itsasoa dira itsaso hori izendatzeko ohiko moldeak. Izenlagunezko aposizioa, alegia, Kantauriko itsasoa, ez da ezinezkoa, baina horrelako moldeak gutxiago erabili ohi direnez, ez dira jaso arau horretan.

Euskaltzaindiak zehaztua du itsaso-izen hori ez dela beharrik gabe erabili behar, eta, adibidez, Euskal Herriko geografiaz aritzean, isurialde kantauriar gabe, nahikoa dela isurialde atlantiko erabiltzea.

Hain zuzen ere, hiztegi arauemailean ‘Ozeano Atlantikoan itsasoratzen diren ibaien arroek hartzen duten lur eremua’ adierarekin jasota dago isurialde atlantiko, eta, isurialde mediterraneo esapideak, berriz, ‘Mediterraneoan itsasoratzen diren ibaien arroek hartzen duten lur eremua’ adiera du hiztegi horretan bertan.

Hortaz, Kantauri isurialde esamoldea saihestea komeni da.

Ohar horiek kontuan hartuta, honela molda daitezke goragoko esaldiak: «Bihar tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira isurialde atlantikoan / isurialde kantauriarrean». «Euri asko egingo du, bereziki, isurialde atlantikoko / isurialde kantauriarreko zenbait lekutan».

Ikus, halaber:

159. araua. Europako toponimia fisikoa.