1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Persiar golkoa», forma egokia

«Persiar golkoa», forma egokia

Gomendioak
  • Horrelakoetan, izen generikoa (golkoa) minuskulaz idazten da.

Zenbaitetan horrelakoak irakur daitezke: «Estatu Batuetako armadak bi petroliontzi atzeman ditu», «Pertsiar golkoko petrolio-ekoizle nagusiak arazo larri baten aurrean daude», «Irango Islamiar Errepublikak Ormuzeko itsasartea itxi du», «Gasoilaren, argindarraren edo gasaren prezioaren gorakadak bizimoduaren garestitzea ekarriko du».

Euskara Batuaren Eskuliburuan gogorarazten den bezala, Persia da forma batua, persiar izenondoa (ez *pertsiar), nahiz euskaraz normalean n, l, r soinuen atzean ts, tz, tx soinuen aldeko neutralizazioa egiten den (unibertsitate, bertso…).

Bide beretik, Persiar golkoa arautu du Euskaltzaindiak (ez *Pertsiar golkoa). Kontuan hartzekoa da, gainera, horrelakoetan izen generikoa minuskulaz idazten dela (alegia, Persiar golkoa, eta ez *Persiar Golkoa). Bide beretik, Bizkaiko golkoa, Mexikoko golkoa eta abar.

Beste hainbeste gertatzen da Ormuzko itsasartea formarekin ere (ez *Ormuzko Itsasartea, ez eta *Ormuzeko itsasartea ere).

Bestalde, petrolio(-)ontzi da arauzko forma (ez *petroliontzi), nahiz eta ‘olioa edukitzeko ontzia’ izendatzeko oliontzi erabiltzen dugun.

Euskaltzaindiak *gasoil forma ez erabiltzea gomendatzen du, gasolio hautatu baita batasunerako.

Hortaz, gorago aipatutako esaldiak honela idatziko genituzke: «Estatu Batuetako armadak bi petrolio-ontzi/petrolio ontzi atzeman ditu», «Persiar golkoko petrolio-ekoizle nagusiak arazo larri baten aurrean daude», «Irango Islamiar Errepublikak Ormuzko itsasartea itxi du», «Gasolioaren, argindarraren edo gasaren prezioaren gorakadak bizimoduaren garestitzea ekarriko du».

Ikus, halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua. *Pertsiar > Persia