1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Elurbusti», ez «elur busti»

«Elurbusti», ez «elur busti»

Gomendioak

Elurra hizpide hartuta, gomendio batzuk bildu ditugu, ohikoak diren zalantza batzuk argitzeko eta hiztegia freskatzeko asmoz.

Zenbaitetan, honelako esaldiak irakur daitezke: «Leku askotan elur bustia egin du goizean», «Elur-lapatsa ari omen zuen», «Elur-jauziak utzitako arrastotik gora abiatu ginen».

Hitz ugari ditugu euskaraz elur-kontuez aritzeko. Adibidez, ‘elurra egiten duenean erortzen diren kristal-multzo arinetako bakoitza’ izendatzeko, honako forma hauek guztiak jaso ditu hiztegi arauemaileak: maluta, mataza, elur(-)maluta, elur(-)mataza, elur(-)luma, elur(-)malo.

Elur(-)txingo ere arautua dago ‘elur-maluta txiki eta lehorra’ adierarekin.

Beste aditz-lokuzio hauek ere agertzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (adibideak ere handik jasoak dira):

  • elurra ari izan. Elurra ari du.
  • elurra izan. Jaitsiko dira meza entzutera elurra bada ere.
  • elurra bota. Elur dezente botako omen du Pirinioetan.
  • elurra egin. Bart elurra egin du eta goizean dena zuri agertu da.

Elurraz, euriaz, hotzaz eta kidekoez mintzatzean, hasi aditza du/da motakoa dela dio hiztegiak. Beraz, bi moldeak erabil daitezke: elurra hasi du/elurra hasi da.

Estandarrerako elur(-)lapatx hautatu da, ez *elur-lapats.

Era berean, ‘mendi tontor edo malkarretatik bat-batean eta burrunban erortzen den elur-pila handia’ adierazteko, elur(-)jausi da forma estandarra, ez *elur-jauzi. Adiera berekoak dira elurbizi, elurbildu eta hiztegian Ipar. markarekin jaso den elauso hitzak.

Ia urturik erortzen den elurra izendatzeko, berriz, elurbusti arautu du Euskaltzaindiak, ez *elur busti.

Ohar horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak: «Leku askotan elurbustia egin du goizean», «Elur-lapatxa ari omen zuen», «Elur-jausiak utzitako arrastotik gora abiatu ginen».