1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «San Sebastian eguna», ez «Donostia eguna»

«San Sebastian eguna», ez «Donostia eguna»

Gomendioak

Batzuetan, horrelakoak entzuten eta irakurtzen dira: «Donostia eguneko danborrada aurreratu egin da», «Sarriegiren Donostiako martxa joko dute», «Emakumeak Azpeitiako danborradan parte hartzen hasi zirenetik 42 urte bete dira», «Generalak eta danbor nagusiak protagonismo berezia izaten zuten haurren danborradan».

Sebastian patroia dela eta, Donostian, Azpeitian, Tafallan eta beste herri batzuetan ospatzen den egunari San Sebastian eguna esaten zaio, ez *Donostia eguna.

Era berean, santu horren omenez jotzen den martxa ezagunaren izena San Sebastian martxa da, ez *Donostia martxa edo *Donostiako martxa.

Gogoan hartu, bestalde, Azpeitia leku-izenaren -a hori artikulua dela, eta, beraz, Azpeitiko danborrada dela esamolde egokia, ez *Azpeitiako danborrada.

Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan danborra joz egiten den ibilaldiaren izen estandarra danborrada da (ez *tanborrada), eta, horretan aritzen dena izendatzeko, danbor-jotzaile eta danborrari arautu ditu Euskaltzaindiak. Danborrada bateko danbor-jotzaile taldearen buruari danbor nagusi esaten zaio.

Haur-danborradetan garai bateko armadako buruen jantziekin ateratzen direnak, berriz, jeneralak dira (ez *generalak). Bide batez, Euskara Batuaren Eskuliburuan gomendatzen diren moldeak eredutzat hartuta, jeneral jantzita, jeneral-jantzian eta abar erabil daitezke danborradetako pertsonaia horiek deskribatzeko.

Urketari forma hautatu da estandarrerako, eta, urketariek eramaten duten ontzia hizpide hartuta, isurkariak (ura batez ere) garraiatzeko zurezko ontziari –oinarria ahoa baino zabalagoa duenari eta burdinazko uztaiak dituenari– suil esaten zaio. Bestalde, edarra eta ferreta sinonimoak ere arautu ditu Euskaltzaindiak; azken hori Ipar. markarekin dago jasoa hiztegi arauemailean.

Testuinguru honetan, barril hitzak ‘danborradetan danbor gisa erabiltzen den upel txikia’ adiera du, Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioen bezala.

Ohar horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak:  «San Sebastian eguneko danborrada aurreratu egin da»,  «Sarriegiren San Sebastian martxa joko dute», «Emakumeak Azpeitiko danborradan parte hartzen hasi zirenetik 42 urte bete dira», «Jeneralak eta danbor nagusiak protagonismo berezia izaten zuten haurren danborradan».