Hitzaurrea
Euskarazko lehen hiztegi alderantzikatua izan zen 1994. urtean kaleratutako Atzekoz aurrera, haren aurretik argitaratutako hiztegi guztiak egitura konbentzionalaren arabera landuak izan baitziren. Hitz-bukaeratik abiatuta ordenatutako euskal hiztegiaren hutsunea aspaldi nabarmendu zuen, haatik, R.M. Azkuek Morfología Vascan: “hay otros muchos [afijos] cuyo alcance hoy no conocemos y cuyo análisis podrá abordarse con mayor probabilidad de éxito cuando tengamos un buen Diccionario de la Rima”; eta honelako itxaropenez ikusten zien irtenbidea Azkuek bere garaiko mugei: “No sigo en la enumeración de sufijos temáticos análogos de adjetivos, pues aquel a quien interese la materia podrá hallarlos, antes de mucho tiempo, en el Diccionario de la Rima que a nuestras instancias se propone elaborar uno de nuestros correspondientes”. Azkuek agindutakoa baino denbora-epe luzexeagoa behar izan genuen, baina Atzekoz Aurrera lehen hiztegiaren lehen edizioa paperean eta formatu digitalean argitaratu zen.
Geroztik, tarteka, hiztegia eguneratzen joan gara eta sarean jarri dugu kontsultagai. Baina hasierako espiritu berari eutsi diogu, eta egun ere balio dute lehen hiztegi hartarako Andoni Egañak hitzaurrean idatzitako hitzek:
Bertsoaren osagaiak asko dira: errima, neurria, doinua, gorputz adierazpena, bukaerako arrazoia, bitarteko literatur-baliapideak… asko. Eta gainera, gauza sorgina da bertsoa. Horiek denak ongi erabilita ere, osotasunean ona, egokia eta behar den huraxe ez bada, belarri-gozatzen ez gaituena baita.
Nonbaitetik hasi egin behar izaten da ordea, eta bukaerako arrazoia tajutzetik hastea premiazkoa gertatzen zaigu. Hartara, badakigu nora iritsi nahi dugun eta bidean ze arrazoipide eta ze errima erabili geuk ezartzen diogu geure buruari.
Lan hori itxuraz burutzeko, denek ere “almazena” deitu izan dugun hori ongi betea edukitzea komeni da. Arrazoi zuten klasikoek, hutsetik ezer ez dela sortzen ziotenean. Almazena betetzeko bakoitzak ditu bere saiakera eta sailkaerak; bere iturri eta sustraiak; bere errima kuttun eta gorrotatuak.
Esku artean duzun hau bertsotarako tresna baino ez duzu. Informatika eta ahozko literatura uztarrezinak ez diren ustearen frogatxo bat. Almazena nondik eta nola betetzen hasi ez dakienak, hemen badu zer hustu eta zer ahaztu, non miatu eta zeri begiratu.
Oso da baliagarri hitzak atzekoz aurrera sailkatu dizkigun hiztegia. Errimek ere modak jasaten dituzte eta garai batean inork erabiltzen ez zuen halako hitz hura gero denok erabiltzen dugu, norbaiti, behin, bururatu zitzaiolako. Miatu beraz, inor inoiz jabetu ez zen horrexen bila. Baina kontuz! Hau ez da bertsotan ongi egiteko inolako bermea. Hobetoxeago egitea ez al da nahikoa?
Eta ez ahaztu! Errimak ez dio bertsoaren formari bakarrik eragiten. Errimak aurretik esaten duguna baldintzatzen du. Errima berriak, esanahi berria. Ea egia den!
Edukia
Hitz-bukaeren hiztegi honek 53.000 sarreratik gorako hiztegi eguneratua eskaintzen du.
Hiztegi hau, azken urteotan Euskaltzaindiak arautu eta Terminologia Batzordeak normalizatu dituzten forma berriekin osatu dago. Terminoen kasuan forma arruntenak hartu dira.
Lexiko orokorra du zatirik handienean, kategoria nagusi guztiek dute lekua (izen arruntak, adjektiboak, adberbioak, determinatzaileak, izenordainak, aditzak, lotura-elementuak, esaerak eta onomatopeiak, besteak beste). Ez dute lekurik izen propioek (pertsona-, leku- zein erakunde-izenek), forma deklinatuek, adizki jokatuek eta laburtzapenek.