1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. «Urtezahar» eta «Gabon zahar», sinonimo egokiak

«Urtezahar» eta «Gabon zahar», sinonimo egokiak

Recomendaciones
  • Urteko lehen eguna izendatzeko, Urteberri eta Urtats erabiltzen ditugu euskaraz.

Urtezahar eta Gabon zahar sinonimoak dira, eta ‘abenduaren 31, urtearen azken eguna’ esan nahi dute.

Jai erlijiosoen eta kidekoen beste izendapenak bezala, letra larriz hasita idazten da Urtezahar. Berez, ez da jai erlijiosoa, baina Urteberri jaiaren analogiaz sortua da, Euskaltzaindiaren 200. arauan esaten denez.

Gabon zahar esamoldea osatzen duen izena ere –gabon– letra larriz hasita idazten da, baina ez beti. Izan ere, hiztegi arauemaileko Gabon zahar sarreran, adibide hauek ageri dira, azpiadiera bati erreferentzia egiten diotela adierazten duen || markarekin bereizita: Elgoibarko gabon zaharretako kopletan. Gabon zaharretan, Olentzero begi-gorri.

Erabilera horretan, beraz, letra xehez idatz daiteke gabon izena, gorago aipatutako adibideko gabon zaharretako segidak erakusten duenez.

Azkenik, gogoratu urteko lehen eguna izendatzeko, Urteberri ez ezik, Urtats sinonimoa ere badugula euskaraz, hiztegian Ipar. markarekin ageri dena, biak ere maiuskulaz.

 

Ikus, halaber:

200. araua: Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO). EBO (IV). Letra larriak eta letra xeheak