Antzinako Greziako Olinpian lau urtean behin egiten zen kirol-lehiaketa (eta, 1896. urteaz gero, lau urtean behin egiten den kirol-lehiaketa nagusia) izendatzeko olinpiar joko eta olinpiada arautu ditu Euskaltzaindiak.
Irabaztea edo galtzea eta sariren bat tartean dagoenean, jokoa da, ez jolasa. Eta, beraz, pilota-joko, herri-jokoak, aizkora-joko, ahari-joko, mahai-jokoak, xake-joko, karta-joko… dira forma egokiak, eta bide beretik, olinpiar joko, ez *olinpiar jolas.
Hiztegi arauemailean ikusten denez, olinpiar joko letra xehez idazten da olinpiada jakin bati ez dagokionean. Adibidez, honela dago definitua hiztegian olinpiko sarrera: “kirolariez mintzatuz, olinpiar jokoetan parte hartzen ari dena edo parte hartu duena”.
Aldiz, olinpiada jakin bati buruz ari garenean, letra larriz idazten dugu: «Pekingo Olinpiar Jokoetan, edozein kirolarik bezala, bere onena ematea izanen du helburu», «Parisek jadanik baditu Olinpiar Jokoetarako behar diren muntadura gehienak».
Euskara Batuaren Eskuliburuan zehazten denez, olinpiar eta olinpiko formak sinonimoak dira adiera batean, biek adierazten baitute ‘olinpiar jokoei dagokiena’.
Olinpiadetan egiten diren kirolei kirol olinpiko esaten zaie (aurten bertan sartu du hiztegian lexia hori Euskaltzaindiak).
Azkenik, erakunde, programa eta gisakoak nazioartekoak direnean, aski ezagunak badira eta inguruko erdaretan haien siglak itzultzen direnean, euskaratu ohi direla zehaztu du Euskaltzaindiak 196. arauan. Eta arau horretan jaso dituen adibideen artean, NOB (Nazioarteko Olinpiar Batzordea) dago.