1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. Jose Antonio Aduriz Zabala lankidea eta laguna, gogoan

Jose Antonio Aduriz Zabala lankidea eta laguna, gogoan

Lexikografia, Noticias

Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen Jose Antonio, 1949ko azaroaren 1ean. Frantziskotarra izanik, berehala hurbildu zen Jakin aldizkariaren lantaldera, eta talde hartatik abiatutako UZEIn eman zion euskararen normalizazioren aldeko lanei segida.

Erretiroa hartu arte, UZEIko Lexikografia Sailean aritu zen urte luzez, nagusiki, Euskaltzaindiarentzat lanean, LEF egitasmoan lehenbizi, eta ondoren hiztegigintzan. Zalantzarik gabe, bera izan da Hiztegi Batuaren eta gero Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zutabe nagusietako bat. Bereak dira, bereziki, hiztegia osatzeko erabiliko ziren irizpideak finkatu eta osatzeko lan neketsua, bai eta lan hori aurrera eramateko behar zen pazientzia ere.

UZEIko guztiok dugu gogoan, zigarroa ezpainetan, paperak eskuetan atzera eta aurrera, irakurri eta irakurri. Berea lan isila izan da; isila, baina funtsezkoa. Langile fina bezain apala izan da Jose Antonio, aitortzarik bilatu ez zuena eta nabarmentzeari etengabe muzin egin ziona.

UZEIn zein Euskaltzaindiaren Hiztegian lankide eta lagun izan genuen guztiok –eta, oro har, euskara noranahiko nahi dugunok– zor ikaragarria dugu berarekin. Eta zor horren neurrikoa da Jose Antonio maisuarekiko sentitzen dugun esker ona, harekin eta hari esker ikasi dugun guztiagatik.