1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. «Futbolera jokatu» erabili beharrean, hobe da «futbolean jokatu» erabiltzea

«Futbolera jokatu» erabili beharrean, hobe da «futbolean jokatu» erabiltzea

Recomendaciones
  • «Futbolean jokatu» eta parekoak erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak

Batzuetan, honelakoak irakur edo entzun daitezke han eta hemen: «Bigarren mailako futbol-taldean jolasten izandako esperientzia kontatu digu», «Futbolera jokatzeko, egoera onean zegoen», «Selekzioarekin 37 partida jolastu ditu orain arte eta 7 gol sartu».

Ez dira nahasi behar jokatu eta jolastu aditzak. Euskara Batuaren Eskuliburuan gogorarazten denez, jokatuk —eta jokoak— irabaztea edo galtzea dakarte berekin, edo sari eta lehiaketaren batean parte hartzea. Hortaz, adibidez, jokatu aditza erabiltzen da futbol-txapelketetan futbolariek egiten dutena izendatzeko (ez jolastu).

Aldiz, jolastu aditzak ‘jolasaren bidez atsegin hartu, jolasean ibili, jolas egin’ adierazten du. Horregatik gomendatzen du Euskaltzaindiak *futbolean jolastu eta parekoen ordez futbolean jokatu erabiltzea. Beste hauek ere egokiak dira: futbolean egin, futbolean aritu, futbolean ibili. Aldiz, futbolera jokatu esamoldeak ez du tradizio handirik.

Ohar horiek kontuan hartuta, honela idaztekoak lirateke goragoko esaldi horiek: «Bigarren mailako futbol-taldean jokatzen izandako esperientzia kontatu digu», «Futbolean jokatzeko/futbolean egiteko/futbolean aritzeko/futbolean ibiltzeko, egoera onean zegoen», «Selekzioarekin 37 partida jokatu ditu orain arte eta 7 gol sartu».