Sarritan horrelakoak ikusten dira komunikabideetan eta bestelako testuetan: «Nekazal iraultza izan da historiako aldaketarik handiena», «Azken urteotan nekazal turismoko etxeetara jotzen duten bisitarien kopuruak gora egiten du etengabe», «Merkatal gunea handitzeko lehen pausoa eman du udalak», «Japoniako feudal aroari buruzko Shogun filma izan da garaile Emmy sarietan».
Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duenez, *merkatal hitza ez da egokia erdal comercial, mercantil (es) eta commercial (fr) adjektibo erreferentzialen esanahia adierazteko. Horretarako, bi hauek dira aukera egokiak: merkataritza izena elkarketan erabiltzea, eta komertzial adjektiboa erabiltzea.
Beste hainbeste gertatzen da *nekazal formarekin ere. Oraindik orain maiz erabiltzen diren *nekazal turismo eta parekoen ordez, nekazaritza-turismo eta kidekoak dira molde egokiak.
Horrelako adjektibo erreferentzialak eta -al bukaera duten pareko beste izenondo batzuk izenaren ondoren doaz beti. Beraz, ez dira egokiak arazo sozial formaren ordezko *sozial arazo edo arlo sindikal formaren ordezko *sindikal arlo moldeak.
Hortaz, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak: «Nekazaritza-iraultza izan da historiako aldaketarik handiena», «Azken urteotan nekazaritza-turismoko etxeetara jotzen duten bisitarien kopuruak gora egiten du etengabe», «Merkataritza-gunea handitzeko lehen pausoa eman du udalak», «Japoniako aro feudalari buruzko Shogun filma izan da garaile Emmy sarietan».
Azalpen sakonagorako: