- Bozka hitzak ‘bozkatzea’ edo ‘bozketa’ esan nahi du.
Hauteskundeak hizpide hartuta, ohikoak diren zalantzak argitzen laguntzeko ohar batzuk bildu ditugu.
Batzuetan, honelako esaldiak ikusten dira sarean eta komunikabideetan: «8.000 hautestontzi jarri zituzten Kataluniako independentziari buruzko galdeketa hartan», «Lehiakideek baino hogei mila bozka gehiago lortu ditu alderdi horrek», «Horrez gain, hautesontziak jartzea delitua ez dela ere esan du plataformak», «Udal eta Foru hauteskundeetarako aurrekanpainako ekitaldiak».
Karguak hautatzeko egiten den bozketari hauteskundeak edo bozak esaten zaio.
Hauteskundeetan edo bozketa batean, norbaiten nahiaren adierazpideari, berriz, boto edo boz esaten zaio (ez *botu).
Zenbaitetan, ‘botoa’ adierazi nahi denean, bozka hitza erabiltzen da, boz erabili ordez. Baina bozka hitzak beste adiera bat du (‘bozkatzea’ edo ‘bozketa’) hiztegi arauemailearen arabera. Beraz, «dena delako alderdia nabarmen hazi da *bozka-kopuruan» bezalakoen ordez, «dena delako alderdia nabarmen hazi da boz-kopuruan/boto-kopuruan» eta parekoak erabili beharko genituzke.
‘Hautesleen boto-paperak jasotzen diren ontzia’ izendatzeko hautetsontzi forma hautatu da batasunerako (ez *hautestontzi, ez *hautesontzi).
Azkenik, *aurrekanpaina ez erabiltzeko gomendatu du Euskaltzaindiak, eta forma arautua kanpainaurre dela gogorarazi du.
Beraz, goian aipatutako esaldi horiek honela idatziko genituzke: «8.000 hautetsontzi jarri zituzten Kataluniako independentziari buruzko galdeketa hartan», «Lehiakideek baino hogei mila boto/boz gehiago lortu ditu alderdi horrek», «Horrez gain, hautetsontziak jartzea delitua ez dela ere esan du plataformak», «Udal eta Foru hauteskundeetarako kanpainaurreko ekitaldiak».
Ikus halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua: aurre-
Jagonet: bozka / boza (boz-kopurua/*bozka-kopurua)