1. HOME
  2. NEWS
  3. Vatikanoa hizpide hartuta, gomendio batzuk

Vatikanoa hizpide hartuta, gomendio batzuk

Recommendations
  • Estandarrean aita santu idazten da (ez *aitasantu). Gainerako kargu ofizialen izenak bezala, aita santu ez da letra larriz idaztekoa.
  • Vatikanoa (ez *Batikanoa) leku-izenaren –a hori artikulua da. Bestela esanda, Azpeitia bezala deklinatzen da hitz hori. Beraz, Vatikanotik, Vatikanora… baina Vatikanoan da forma egokia estandarrerako (ez *Vatikanon).

 

Benedikto XVI.a hil berri den honetan, albiste horri buruz idazteko gomendio batzuk bildu ditugu.

Batzuetan, horrelako esaldiak irakurtzen edo entzuten dira: «Atzo hil zen Aita Santua», «San Pedro basilikara eraman dute aita santuaren gorpua», «Batikanoaren barruan gertatzen denaren aparteko ezagutza dauka», «Txundituta geratu zen Kapera Sixtinoa ikusitakoan».

Estandarrean aita santu idazten da (ez *aitasantu). Gainerako kargu ofizialen izenak bezala, aita santu ez da letra larriz idaztekoa. Horrela, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideetan, minuskulaz idatzita jaso da: Aita santu Benedikto hamahirugarrena. Erromako aita santua, etab.

Vatikanoa (ez *Batikanoa) leku-izenaren –a hori artikulua da. Bestela esanda, Azpeitia bezala deklinatzen da hitz hori. Beraz, Vatikanotik, Vatikanora…baina Vatikanoan da forma egokia estandarrerako (ez *Vatikanon).

Vatikano Hiria eta Vatikano Hiriko Estatua izenen bukaerako –a hori ere artikulua da.

Albistera itzuliz, aita santuaren hil-kapera Done Petri basilikan jarri dute (ez *San Pedro), eta munduko arkitekturako artelanak euskaraz izendatzeko irizpideak zehazten dituen Euskaltzaindiaren arauan esaten denez, noren kasuan ere joan liteke izen berezia: Done Petriren basilika. Bestalde, arau horretan aipatzen denez, San Petri ere esan daiteke, baina ez du tradiziorik.

Vatikanoko Museoetan dagoen kapera famatuari Kapera Sistinoa edo Sistoren kapera esaten zaio euskaraz, Sisto IV.a aita santuaren omenez. Kontuan hartu Euskaltzaindiaren Hiztegian sistino adjektiboa jaso dela, ez *sixtino.

Ohar horiek aintzat hartuta, horrela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak: «Atzo hil zen aita santua», «Done Petri basilikara eraman dute aita santuaren gorpua», «Vatikanoaren barruan gertatzen denaren aparteko ezagutza dauka», «Txundituta geratu zen Kapera Sistinoa ikusitakoan».

Ikus, halaber:

Euskara Batuaren Eskuliburua. «Vatikanoa (-a)» 

Euskaltzaindiaren 129. araua. «Aita santuen izenak»

Euskaltzaindiaren 193. araua. «Artelanen izenak. Arkitektura»