Askotan horrelako esaldiak ikusten dira komunikabideetan eta bestelakoetan: «Gaza airetik erasotu du Israelek», «Pandemiak mundu osoa eraso du», «Kroaziarren kontra-erasoak gerrari buelta eman zion» edo «Bi taldeek defentsa gogorra ezarri nahi izan zuten hasieratik, kontra-erasoan aldi berean min egiteko asmoz”».
Euskara Batuaren Eskuliburuan gogorarazten denez, eraso aditza erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak (ez *erasotu). Aditz horrek, gainera, dio erregimeneko laguntzailea behar du.
Kontraeraso hitza ‘aurkariaren edo etsaiaren erasoari erantzunez egindako erasoa’ gisa definitzen du hiztegi arauemaileak, eta beti hitz bakarrean idazten da, zuriunerik eta marratxorik gabe. Izan ere, latinetiko aurrizki hori lotuta idatzi behar da: kontrabaxu, kontradantza, kontraesan, kontrairaultza, kontrajarri… formetan bezala.
Bestalde, ofentsiba hitza ere jaso du Euskaltzaindiak hiztegian, ‘eraso militarra’ adierarekin.
Hortaz, honela idatziko genituzke goiko esaldi horiek: «Gazari airetik eraso dio Israelek», «Pandemiak mundu osoari eraso dio», «Kroaziarren kontraerasoak gerrari buelta eman zion» edo «Bi taldeek defentsa gogorra ezarri nahi izan zuten hasieratik, kontraerasoan aldi berean min egiteko asmoz».
Argibide gehiagorako: