1. HOME
  2. NEWS
  3. Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka dela eta, idazkera-gomendio batzuk

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka dela eta, idazkera-gomendio batzuk

Recommendations

Batzuetan, horrelako esaldiak irakur daitezke: «Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka berriz lehertzeko zorian zegoen», «Nagorno-Karabajeko lurralde-auzian zentratuko dugu ikerketa», «Jerevango Arte Institutuan egin zituen ikasketak», «Azerbaiandarra da sortzez eta aspaldi heldu zen Euskal Herrira».

Karabakh Garaia da eskualde hori izendatzeko Euskaltzaindiak arautu duen forma, ez Nagorno-Karabaj, ez Nagorno Karabakh.
Eskualde hori dagoen herrialdearen euskal izena Azerbaijan da (ez Azerbaian, ez Azerbayan). Bide beretik, bertako herritarrak azerbaijandarrak dira.
Bestalde, Erevan da Armeniako hiriburua izendatzeko arautu den forma, nahiz eta batzuetan Jerevan edo Yereban idazkera ere ikusten den.
Ohar orokor gisa, gogoratu, Euskara Batuaren Eskuliburuan jasotzen denez, gerrak edo gatazkak, euskarazko literatura-tradizioaren arabera, ez direla lehertzen —(es) ‘estallar’ eta (fr) ‘éclater’ bezala—, baizik eta piztu (edo hasi, irten edo sortu) egiten direla.

Beraz, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldi horiek: «Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka berriz pizteko zorian zegoen», «Karabakh Garaiko lurralde-auzian zentratuko dugu ikerketa», «Erevango Arte Institutuan egin zituen ikasketak», «Azerbaijandarra da sortzez eta aspaldi heldu zen Euskal Herrira».

Ikus, halaber:
Arauen Datutegi Onomastikoa