1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. «Zentzu horretan» esapidearen ordezko aukera egokiagoak

«Zentzu horretan» esapidearen ordezko aukera egokiagoak

Recomendaciones
  • Kalkoz, zentzu horretan desegoki erabiltzen da sarritan

Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duenez, zentzu horretan esamoldea desegoki erabiltzen da askotan, erdarazko en este sentido / en ce sens; de la sorte esapideen pareko gisa, ondorioztapenezko edota emendiozko zentzua eman nahian.

Han-hemen honelakoak erabiltzen dira: «Zentzu horretan, gogorarazi dute oso garrantzitsua dela gomendioei jarraitzea». «Ikus, zentzu honetan, 2008ko azaroko txostena». «Zentzu horretan, adierazi du aurrera egiten jarraitu behar dela».

Horrelakoetan, ildo horretan, alde horretatik, horren haritik eta pareko testu-antolatzaileak erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak.

Hortaz, honela molda daitezke goragoko esaldi horiek: «Alde horretatik, gogorarazi dute oso garrantzitsua dela gomendioei jarraitzea». «Ikus, horren haritik, 2008ko azaroko txostena». «Ildo horretan, adierazi du aurrera egiten jarraitu behar dela».

Ikus EBEko gomendio osoa hemen.