- Urteak betetzea beti da pozgarri, baina tarteka zalantzak sortzen zaizkigu horrelako gertaerei buruz hitz egitean.
- Horrelako esaldiak irakurtzen dira batzuetan sarean: «Familiaz inguraturik ospatuko du urte betetze eguna», «Zorionak eta urte askotan!», «Bihar lagun baten zorionak dira».
- Urtebetetze, urteurren eta urtemuga hitzak ez dira beti modu berean erabiltzen; edo, bestela esanda, ez dira beti balio berekoak. Zenbait zalantza argitzen saiatzeko, argibide batzuk bildu ditugu ohar honetan.
Erabil daiteke urteurrena hitza urtebetetzea esateko? Galdera hori jaso zuen Euskaltzaindiak Jagonet kontsulta-zerbitzuan. Bada, webgunean argitaratutako erantzunean esaten denez, urtebetetze, oro har, NORBAITEN jaiotegunaren urtemuga adierazteko erabiltzen da; eta, berriz, ZERBAITEN urtemuga denean, hau da, gertaera jakin baten urteak betetzen direnean, urteurren hitza erabiltzen da.
Adibide hauek guztiak Akademiaren hiztegitik jasoak dira: «Bihar, abenduak bi, nire urtebetetzea izango da», «Egunkariaren lehen alearen urteurrena», «Museoaren hogeita bosgarren urteurrena».
Urtemuga hitzak, aldiz, adiera zabalagoa du, eta bietarako erabil daiteke. Batetik, ‘urteurrena edo gertaera gogoangarri baten urteak betetzen diren eguna’ adierazteko (adibidez, «Besta egiten zuten ezkontzako urtemugan»); eta, bestetik, urtebetetze hitzaren sinonimo gisa (adibidez, «Urtemugako afaria»).
Esan beharrik ere ez dago, baina urtebetetze(-)egun ere jasota dago hiztegi arauemailean, ‘urtebetetzea, urteak betetzen diren eguna’ adierarekin.
Behe-mailako erregistroetan, gainera, egun ere erabil daiteke ‘urtebetetzea’ adieran. Ikus, esate baterako, hiztegi arauemailetik hartutako esaldi hau: «Ez al dakizu gaur nire eguna dela?».
Oraingoz hiztegi arauemailera iritsi ez diren arren, beste molde hauek ere nahiko ohikoak dira: norbaiten urteak izan (‘norbaiten urtebetetzea izan’ adierazteko), urteak egin (‘urteak bete’ adierarekin). Hona hemen, adibide batzuk: «Mundu guztiak ahaztuko du gaur nire urteak direla», «Noiz egiten dituzu urteak?».
Urtebetetzeetan eta kidekoetan, esapide ugari erabil daitezke zorionak emateko: zorionak, urte askoan, anitz urtez eta urte asko(ta)rako. Horiek ez bezala, *urte askotan ez dago hiztegi arauemailean.
Kontuz, ordea, «*gaur nire zorionak dira» eta parekoekin: horien ordez «gaur nire urtebetetzea da» eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak.
Urteak joan ahala, mendea betetzen da, eta mendeurren eta mendemuga araututa daude −urteurren/urtemuga bikotearen eredura− ‘gertaera gogoangarri baten mendea edo mendeak betetzen diren urtea’ adierarekin. Kontuan izan, azkenik, ‘mendearen amaiera’ adiera ere baduela mendemuga hitzak, esaterako, horrelako esaldietan: «Giroa azken mendemugan hasi zen aldatzen gure artean».
Beraz, gorago aipatutako esaldiak horrela idatziko genituzke: «Familiaz inguraturik ospatuko du urtebetetze-eguna», «Zorionak eta urte askoan!», «Bihar lagun baten urtebetetzea da».
Ikus, halaber:
«urtebetetze ≠ urteurren» Euskara Batuaren Eskuliburua
«Zorionak!» Euskara Batuaren Eskuliburua
“Lexikoa:urtebetetzea, urteurrena, zorionak” Jagonet galde-erantzunak.