Zenbaitetan honelako esaldiak ikusten dira komunikabideetan eta bestelakoetan: «Ez da ahaztu behar Europako ultra eskuin gogorrenaren aurrean gaudela», «Alderdi ultra-eskuindarraren babesa baino ez du jaso», «Agian Nafarroa Garaian badago horrelako zerbait, eskuin eta mutur eskuin espainiarrak eragindakoa, baina hiru probintzietan ez», «Eskuinmuturreko lobbyari kasu eginez, Auzitegi Nazionalak mendekuan oinarritutako erabakiak hartzen jarraitzen duela salatu dute».
Kasuan kasuko hitzari lotuta idazten da ultra- aurrizkia. Hortaz, ultraeskuin idazten da (ez *ultra eskuin). Definizio hau du Euskaltzaindiaren Hiztegian hitz horrek: ‘Politikan, eskuin muturra, eskuinean ohiko edo erreferentziatzat hartzen den jarreratik urruntzen den jarrera; jarrera hori duten alderdien multzoa’.
Bide beretik, ultraeskuindar eta ultraezkertiar lotuta idazten dira (ez *ultra-eskuindar, ez *ultra-ezkertiar).
Ultraeskuin terminoaren sinonimoa den eskuin-mutur (edo eskuin mutur) izena marratxoz zein marratxorik gabe idazten den hitz elkartua da. Desegokiak dira *mutur eskuin eta *mutur-eskuin.
Azkenik, ultra hitza izen edo adjektibo gisa erabil daiteke, adibidez, honelako esamoldeetan: «futbol taldeko ultrek» (izena), «jarrera ultrak» (adjektiboa).
Beraz, hori guztia kontuan izanda, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak: «Ez da ahaztu behar Europako ultraeskuin gogorrenaren aurrean gaudela» «Alderdi ultraeskuindarraren babesa baino ez du jaso», «Agian Nafarroa Garaian badago horrelako zerbait, eskuin eta ultraeskuin / eskuin-mutur espainiarrak eragindakoa, baina hiru probintzietan ez», «Eskuin-muturreko lobbyari kasu eginez, Auzitegi Nazionalak mendekuan oinarritutako erabakiak hartzen jarraitzen duela salatu dute».