1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. Udaberrian, sanjose-loreak (ez *San Jose loreak)

Udaberrian, sanjose-loreak (ez *San Jose loreak)

Recomendaciones

Udaberrian sartu berri garen honetan, gomendio batzuk bildu ditugu zenbait zalantza argitzen laguntzeko. Izan ere, urtaro hori hizpide hartuta, honelakoak irakur edo entzun daitezke askotan: «Kontuan izan behar dugu martxoko ekinozioa», «Gaur San Jose loreak ikusi ditut zelaian» «Udaberrian ohikoak izaten dira azaleko arazoak, abstemia eta alergiak», «Doministiku egiteari uzteko antiestaminiko bat emango dizut».

Ipar-hemisferioan udaberria (edo, Iparraldean nagusi den forma erabiliz, primadera) martxoko ekinokzioarekin batera hasten denez, gogora dezagun kz kontsonante-segidarekin idazten dela ekinokzio (ez *ekinozio).

Loreak dira urtaro honen ikur, eta lehendabizi loratzen direnak sanjose-loreak dira. Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotzen denez, sanjose-lore (edo sanjose lore) da araututako idazkera; alegia, letra xehez eta sanjose hitz bakar gisa idatzita. Beraz, *San Jose lore idazkera baztertzekoa da.

Udaberrian oso ohikoa da alergia izatea (g-z idazten da, ez *alerjia), batez ere, polena edo lore-hautsa dela eta. Bi forma horiek maila berean onetsi ditu Euskaltzaindiak (azken hori, gainera, lore-hauts zein lore hauts idatz daiteke).

Udaberriko astenia edo ‘nekea eta kemenik eza ezaugarri dituen egoera’ ere nahiko ezaguna da. Antzekotasun fonetikoa gorabehera, hitz horrek ez du zerikusirik ‘edari alkoholdunik edaten ez duen pertsona’ izendatzeko erabiltzen den abstemio hitzarekin. Azken hori ez da oraingoz iritsi hiztegi arauemailera.

Alergiaren sintomak arintzeko -eta, zehazki, alergiaren ondorioz gorputzak jariatzen duen histaminaren eragina eragozteko edo oztopatzeko- erabiltzen den sendagaiari antihistaminiko esaten zaio (eta ez, tarteka ikusten den bezala, *antiestaminiko).

Beraz, gorago aipatutako adibideen idazkera egokia honako hau izango litzateke: «Kontuan izan behar dugu martxoko ekinokzioa», «Gaur sanjose-loreak ikusi ditut zelaian» «Udaberrian ohikoak izaten dira azaleko arazoak, astenia eta alergiak», «Doministiku egiteari uzteko antihistaminiko bat emango dizut».

Ikus, halaber:
Euskaltzaindiaren Hiztegia
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)