1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. Liburu- eta disko-azokak: idazkera-gomendio batzuk

Liburu- eta disko-azokak: idazkera-gomendio batzuk

Recomendaciones

Egunotan Durangoko Azoka hizpide dela aitzakiatzat hartuta, gomendio batzuk bildu ditugu liburuen eta diskoen azokei buruz hitz egitean sor daitezkeen zalantza batzuk argitzen laguntzeko.

Batzuetan, honelako esaldiak irakurtzen dira, adibidez, komunikabideetan eta sare sozialetan: «Liburu- eta diska-azoka antolatu dute Urruñan», «Euskal argitaletxeek, disko etxeek, ekoizpen-etxeek eta banatzaileek parte hartzen dute azokan», «35 disko baino gehiago eramango ditugu azokara, denak ere aurten auto-ekoizpen gisa kaleratuak», «Sarako Idazleen Biltzarra literaturzaleen urteroko hitzordu baitezpadakoa da».

Euskaltzaindiaren Hiztegian zehazten denez, *diska forma ez erabiltzea gomendatzen du Akademiak, forma arautua disko baita.

‘Musika-diskoak edo bestelako musika-grabazioak ekoizten dituen enpresa’ adiera duen diskoetxe izena lotuta idazten da (ez *disko etxe, ez *disko-etxe). Bide batez, *disketxe forma ere berariaz baztertu du Euskaltzaindiak batasunerako.

Ohiko diskoetxe handietatik kanpo grabatzen eta argitaratzen diren lanei buruz hitz egitean erabiltzen den autoekoizpen izena ere lotuta idazten da (ez *auto ekoizpen, ez auto-ekoizpen). Esan beharrik ez dago automobilen ekoizpena izendatzeko forma egokia dela auto-ekoizpen.

Literaturaren zaleak izendatzeko, literaturazale da forma arautua (ez *literaturzale).

Beraz, horrela idatziko genituzke goian aipatutako esaldiak: «Liburu- eta disko-azoka antolatu dute Urruñan», «Euskal argitaletxeek, diskoetxeek, ekoizpen-etxeek eta banatzaileek parte hartzen dute azokan», «35 disko baino gehiago eramango ditugu azokara, denak ere aurten autoekoizpen gisa kaleratuak», «Sarako Idazleen Biltzarra literaturazaleen urteroko hitzordu baitezpadakoa da».