1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. Kukua, udaberriaren iragarle

Kukua, udaberriaren iragarle

Recomendaciones

Udaberriarekin batera kukuak entzuten direla eta, txori horien inguruko ohar batzuk bildu ditugu.

Esaten denez, urteko lehen kukua entzutean soinean dirua izanez gero, urte ona izango dugun seinale da; dirurik ez izatea, berriz, urte txarra izango dugun seinale.

Eguneroko hizkeran ere baditugu kukua entzutea zorte ona (edo txarra) izatearekin erlazionatzen duten esamolde batzuk.

Horrela, norbaiti kukuak jo diola esaten da zoria alde duenean. Aldiz, gauzak gaizki edo espero ez den bezala gertatzean, kukuak oker jo diola edo kukuak makur jo diola esaten da.

 Bide beretik, ‘gauzak bestela egin izan balira ondorioak eta egoera hobeak izango liratekeela’ adierazteko, beste kuku batek jo esamoldea erabiltzen da. Kukuaren kantuak ez ezik, oilarrarenak ere gauza bera adierazten du, beste oilar batek kukurruku jo esamoldearen arabera.

Euskaltzaindiaren Hiztegian berariaz adierazten ez den arren, esamolde horietako jo aditza dio motakoa da, hiztegi arauemailean jasotako adibideen arabera:

  Lanean ari denari kukuak jotzen dio.

  Zaharrak ginen hiru, irabazi nahiz zerbait diru, kukuak makur jo digu.

  Askok uste zuten menderatuko zutela, gero ikusi zuten kukuak txit oker jo ziela.

  Guztiak bera bezalakoak bagina, beste kuku batek joko liguke, ez gerrarik ez erlijioen arteko liskarrik.

  Hura entzun izan bagenu, beste oilar batek joko liguke orain kukurruku.

 Kukuak kuku egiten du, eta zozoak zorzor (ez zor-zor). Onomatopeia horiek ez bezala, marratxoz idazten dira euskara estandarrean beste hegazti batzuen kantuak edo oihuak; esaterako, karra-karra (belearen eta kidekoen oihuaren onomatopeia), kras-kras (belearen edo antzararen oihuarena) kua-kua (belearen edo ahatearen oihuarena) eta txio-txio (txorien kantu labur eta errepikatuarena).