Egunotan hizpide da Espainiako Kongresuan onetsi berri duten lege-erreforma, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko lege integrala aldatzen duena. Albiste hori hizketagai hartuta, erreforma, erregulazio, erlazio eta erretratu bezalako maileguzko hitzen inguruko gomendioa ekarri nahi dugu gogora.
Batzuetan, horrelako adibideak ikusten dira sarean eta komunikabideetan: «Boterera iritsi zirenean kontraerreforma egiten hasi ziren», «Igandean publierreportaje bat atera zuten egunkari horretan», «Autoerregulazio-kode bat sinatu dute arlo horretan dabiltzan enpresa gehienek», «Inork ez daki zehazki zenbat autoerretratu margotu zituen».
Euskaltzaindiak kontrarreforma (eta ez *kontraerreforma) jaso du hiztegi arauemailean ‘aurreko erreforma bati kontra egiten dion erreforma’ adierarekin. Kontuan izan, bestalde, hitz horrek bigarren adiera bat ere baduela: ‘Luteroren erreformari aurre egiteko Eliza katolikoak eragin zuen erreforma’. Hiztegian zehazten den bezala, K larriz idatzi behar da bigarren adiera hori duenean.
Bestalde, Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten du Euskaltzaindiak hau gomendatzen duela horrelako formetarako: «ez dute zertan a/e/i-rik hartu, aurretik elkarketa dela-eta jadanik beste bokalen bat daramatenean: erreforma/kontrarreforma».
Bide beretik, erregulazio eta autorregulazio (ez *autoerregulazio) dira forma gomendatuak; erretratu eta autorretratu (ez *autoerretratu); erreportaje eta publirreportaje (ez *publierreportaje); erlazio eta korrelazio (ez *koerrelazio).
Beraz, gorago aipatutako esaldi horiek horrela idatziko genituzke: «Boterera iritsi zirenean kontrarreforma egiten hasi ziren», «Igandean publirreportaje bat atera zuten egunkari horretan», «Autorregulazio-kode bat sinatu dute arlo horretan dabiltzan enpresa gehienek», «Inork ez daki zehazki zenbat autorretratu margotu zituen».
Ikus halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua: auto-
Euskara Batuaren Eskuliburua: r letra (ere/erre)