1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. GIBa ez da kutsatzen; transmititu egiten da

GIBa ez da kutsatzen; transmititu egiten da

Recomendaciones

 

40 urte baino gehiago pasatu dira hiesa lehen aldiz diagnostikatu zenetik eta, geroztik, urtez urte, pandemia horrek eragindako pertsonak eta birusari aurre hartzeko neurriak gogorarazteko baliatzen da abenduaren 1a.

Horren harira, hiesari buruz hitz egitean gogoan hartzekoak diren kontu batzuk azpimarratu nahi izan ditugu gaur.

Maiz irakurtzen dira honelako esaldiak: «Hies-a Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIBak) eragindako sindromea da», «Birus-karga detektaezina izanez gero, ezin da GIBa kutsatu», «Antierretrobiralekin bizi-itxaropen normala izatea lortzen da», «Hiesaren froga egitea funtsezkoa da diagnostiko berantiarrik ez izateko».

Hasieran Hartutako Immunoeskasiaren Sindrome formaren sigla zena lexikalizatu da gaur egun, eta letra xehez idazten da: hies. Horrela, adibidez, hiesa idazten da (ez *hies-a).

Hiesa ez da nahasi behar sindrome hori eragiten duen giza immunoeskasiaren birusarekin edo GIBarekin. Birus horrek eragindako infekzioaren estadio aurreratua da hiesa, eta pertsona bat infektatuta egoteak ez du esan nahi hiesa duenik. Idazkeran ere badute aldea hies eta GIB hitzek, azken hori maiuskulaz idazten baita; alegia, oraindik ere sigla gisa erabiltzen da.

Hiesa ez da kutsatzen, bide jakin batzuetatik transmititzen den birus batek eragindako sindromea baita. Beraz, ez da egokia hiesa kutsatu egiten dela esatea. Eta GIBa ere ez da kutsatzen. Euskaltzaindiak eta Bizkaisidak ohartarazi duten bezala, «kutsatzea ustekabean gertatzen den zerbait da (kalean, metroan, klasean, etab.): tuberkulosia, A hepatitisa, gripea, elgorria, meningitisa, ebola eta beste hainbat kutsatu egiten dira. GIBa transmititu egiten da».

GIBaren infekzioa detektatzeko, probak (‘testak’) egiten dira, ez *frogak.

Bestalde, GIB/hiesari buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak gogorarazi duenez, ez dago hiesarentzako probarik, eta GIBaren proba esamoldea erabiltzea gomendatzen du (ez hiesaren proba).

Azkenik, GIB positiboak diren pertsonei antirretrobiraletan oinarritutako tratamendua ematen zaie. Antirretrobiral forma (ez antierretrobiral) onetsi du Terminologia Batzordeak. Termino horrekin batera, erretrobirusen kontrako adjektiboa eta erretrobirus-kontrako izena ere onetsi ditu batzorde horrek.

Beraz, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak: «Hiesa Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIBak) eragindako sindromea da», «Birus-karga detektaezina izanez gero, ezin da GIBa transmititu», «Antirretrobiralekin bizi-itxaropen normala izatea lortzen da», «GIBaren proba egitea funtsezkoa da diagnostiko berantiarrik ez izateko».