- NATOn sar daitezkeela eta, egunotan albiste dira Finlandia eta Suedia.
- Herrialde horiei buruz idazteko lagungarriak izan daitezkeen ohar batzuk bildu ditugu.
Finlandia eta Suedia albiste dira egunotan neutraltasun-estatusa utzi eta NATOn sartuko omen direlako. Horren harira, ohar batzuk gogora ekarri nahi ditugu, herrialde horiei buruz idaztean sor daitezkeen ohiko zalantzak argitu nahian.
Batzuetan, horrelakoak irakurtzen edo entzuten dira hedabideetan eta sarean: «1710eko izurriak *helsinkitar gehienak hil zituen», «Puntualtasuna garrantzitsua da *suomientzat», «*Eskandinabiako penintsulan dago Suedia», «Konfinamenduak Bartzelonan eta *Estokolmon izan duen eragina aztertu dute», «Hiri horren izen *finlandesa ezagunagoa da».
Finlandiako Errepublika izendatzeko gehien erabiltzen den forma Finlandia bada ere, bertako hizkuntzatik mailegatutako Suomi ere erabil daiteke. Era berean, finlandiera hizkuntzari suomiera ere esaten zaio.
‘Finlandiari dagokion zerbait’ edo ‘Finlandiako herritarrak’ izendatzeko finlandiar eta suomitar hautatu dira estandarrerako (ez *finlandes, ez *suomi, ez *suomiar). Horren arabera, Suomi hitzak herrialdea izendatzen du euskaraz, ez herritarra.
Helsinki da Finlandiako hiriburua, eta bertako herritarrak helsinkiarrak dira, ez *helsinkitarrak.
Suedia, Danimarka eta Norvegia barne hartzen dituen lurraldearen izena Eskandinavia idazten dugu euskaraz, ez *Eskandinabia. Era berean, Eskandinaviar penintsula eta Eskandinaviako penintsula izendapenak jaso ditu Euskaltzaindiak Europako toponimia fisikoaren arauan.
Suedia hizpide hartuta, berriz, gogoratu hiriburuaren izena Stockholm dela; alegia, frantsesez eta ingelesez bezala idazten dela euskaraz, zenbaitetan *Estokolmo idatzia ikusten bada ere. Bertako herritarrak stockholmdarrak dira.
Beraz, ohar horiei jarraikiz, gorago aipatutako esaldien idazkera egokia hau izango litzateke: «1710eko izurriak helsinkiar gehienak hil zituen», «Puntualtasuna garrantzitsua da suomitarrentzat», «Eskandinaviako penintsulan dago Suedia», «Konfinamenduak Bartzelonan eta Stockholmen izan duen eragina aztertu dute», «Hiri horren izen finlandiarra ezagunagoa da”.
Ikus, halaber:
38. araua. Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak