1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. «Finalerdi» edo «final-erdi»? «Finalaurden» edo «final-laurden»? Norgehiagokei buruzko zalantza batzuk

«Finalerdi» edo «final-erdi»? «Finalaurden» edo «final-laurden»? Norgehiagokei buruzko zalantza batzuk

Recomendaciones

Zenbaitetan horrelakoak irakurtzen dira han-hemenka: «Txapelketako lehen final erdiak jokatu ziren joan den astean», «Hurrengo kanporaketan, final zortzigarrenetan, sartuko dira aurreko fasean garaile izan zirenak», «Mundu Txapelketan finalaurdenetan kanporatu zuen Jewelek», «18 bertsolari final aurrekoetan sartu ziren aurreko asteburuan».

Hiztegiaren arabera, finalerdi eta finalaurreko sinonimoak dira eta ‘lehiaketa bateko azken-aurreko partida edo norgehiagoka’ adiera dute. Idazkerari dagokionez, horiek dira batasunerako hautatu diren formak, ez *final(-)erdi edo *final(-)aurreko.

Aldiz, final hitzarekin osaturiko esamolde hauek marratxoz (edo zuriune batekin bereizita) idaztekoak dira: final-laurden, final-zortziren, final-hamaseiren. Hala arautu ditu Euskaltzaindiak. Aldiz, final zortzigarren eta parekoak ez dira jaso hiztegi arauemailean.

Hortaz, ohar horiek kontuan izanda, honela idatziko genituzke goragoko esaldiak: «Txapelketako lehen finalerdiak jokatu ziren joan den astean», «Hurrengo kanporaketan, final-zortzirenetan (edo final zortzirenetan), sartuko dira aurreko fasean garaile izan zirenak», «Mundu Txapelketan final-laurdenetan kanporatu zuen Jewelek», «18 bertsolari finalaurrekoetan sartu ziren aurreko asteburuan».

Ikus, halaber:

Zatikiak eta proportzioak (EBE)