- Batasunari begira, *bozemaile forma baztertzekoa da.
Bi kontzeptu izendatzen dituzte bozeramaile eta boz-emaile (edo boz emaile) hitzek, eta ez dira nahasi behar. Hala ere, batzuetan, honelakoak irakur daitezke han eta hemen: «Lanaren erdia egina daukatela esan du elkarteko bozemaileak», «Bozemaileen Batzarrak goizean egin du bilera», «Atzerriko Ministerioaren bozemalea da», «Talde bakoitzeko bozemaile batek aholkuen berri emango du».
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, bozeramaile izenak ‘eleduna, norbaiten edo elkarte baten izenean mintzatzen dena’ adiera du. Aldiz, boto-emaileren sinonimoa da hiztegian Ipar. markarekin jaso den boz-emaile (edo boz emaile).
Kontuan izatekoa da hiztegi arauemailean ez dela agertzen *bozemaile forma, eta, beraz, batasunari begira, idazkera hori baztertzekoa dela.
Bestalde, *bozemale, boz-emale eta parekoak ere baztertzekoak dira, batasunerako emaile forma hautatu baita (ez *emale). Beste hainbeste gertatzen da *berriemale, *boto-emale, *odol-emale eta abarrekin ere, horien ordez berriemaile, boto-emaile, odol-emaile eta parekoak arautu baititu Euskaltzaindiak.
Hortaz, ohar horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke goragoko esaldi horiek: «Lanaren erdia egina daukatela esan du elkarteko bozeramaileak», «Bozeramaileen Batzarrak goizean egin du bilera», «Atzerriko Ministerioaren bozeramailea da», «Talde bakoitzeko bozeramaile batek aholkuen berri emango du».


