- Erregeek Jesus haurrari egin zioten gurtza gogoratzen duen egunaren izena «Errege egun» da, ez errege-egun.
Batzuetan honelakoak irakurtzen dira: «Errege Magoen kabalgatek herri eta hiriak zeharkatuko dituzte gaur», «Nire arreba errege-egunean etorriko da», «Urrea, intzentsua eta mirra eskaintzera hurbildu zitzaizkion Meltxor, Gaspar eta Baltasar».
Euskaltzaindiak Errege egun arautu du ‘urtarrilaren 6a, Erregeek Jesus haurrari egin zioten gurtza gogoratzen duen eguna’ izendatzeko, ez errege-egun. Egun horretan ospatzen den bestaburuak baditu beste izen hauek ere, hiztegi arauemailean jasota daudenak: epifania eta trufania (azken horrek Ipar. marka du hiztegian).
Desfile eta kabalkada forma arautuak ez bezala, kabalgata hitza ez da ageri hiztegi arauemailean.
‘Kristau erlijioan, Jesus haurra gurtu zuten hiru erregeetako bakoitza’ adierarekin jaso du Euskaltzaindiak Errege Mago forma. Adiera horrekin erabiltzen da mago izena ere, esate baterako, hiztegitik hartu dugun adibide honetan: «Ekialdeko magoak».
Urre, intsentsu (ez *intzentsu) eta mirra dira tradizioaren arabera Ekialdeko magoek eraman zituzten oparien euskal izenen formak, batasunerako aukeratu direnak.
Beraz, ohar horiek kontuan izanda, horrela idatziko genituzke goian aipatutako esaldiak: «Errege Magoen desfileek/kabalkadek herri eta hiriak zeharkatuko dituzte gaur», «Nire arreba Errege egunean etorriko da», «Urrea, intsentsua eta mirra eskaintzera hurbildu zitzaizkion Meltxor, Gaspar eta Baltasar».
Ikus, halaber: