- Inguruko erdaren eraginez edo, maiz erabiltzen da «bila egon»
Zenbaitetan, horrelakoak entzuten edo irakurtzen dira: «Preziorik onenaren bila bazaude, zatoz gure dendara», «Basoan perretxiko bila zegoen gizon bat desagertu zen atzo», «Ikasketak bukatu dituzten gazte gehienak lanean ari dira edo lan bila daude».
Tradizio zabaleko moldea da bila ibili. Besteak beste, Euskaltzaindiak estimazio bila ibili aditz-lokuzioa arautu du ‘norbaitek, bere buruari garrantzia emateko, eskatzen diotena egitea nahita atzeratu, behin eta berriz eska diezaioten’ adierarekin.
Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan, bila sarreran, honako adibide hauek daude, beste batzuen artean:
Zure bila dabil.
Ea zeren bila dabilen.
Apaiz nagusi eta lege irakasleak hura nola galduko zuten bila zebiltzan.
Gaitza zer den bila ibili nintzen.
Jainkoaren bila nabil, ez jainko bila.
Beste esamolde batzuk ere ohikoak dira bila hitzarekin: bila ari izan, bila joan, bila etorri, bila hasi, bila atera… Horiek guztiak ageri dira hiztegi arauemaileko adibideetan.
Aldiz, bila egon ez da jaso Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta kalko berriaren itxura du (es: estar buscando, estar a la búsqueda de; fr: être à la recherche de). Hortaz, bila egon erabili ordez, hobe da bila ibili eta tradizio zabaleko gainerako esamoldeak erabiltzea.
Gomendio hori kontuan hartuta, horrela molda daitezke goragoko esaldi horiek: «Preziorik onenaren bila bazabiltza / bila ari bazara, zatoz gure dendara», «Basoan perretxiko bila zebilen / bila ari zen gizon bat desagertu zen atzo», «Ikasketak bukatu dituzten gazte gehienak lanean ari dira edo lan bila dabiltza».