1. INICIO
  2. NOTICIAS
  3. Bero-kontuez aritzeko gomendio batzuk

Bero-kontuez aritzeko gomendio batzuk

Recomendaciones

Egunotan ez da giro beroarekin. Ur asko edatea, eguerdian itzalpean egotea eta eguzkitako krema erabiltzea oinarrizko gomendioak dira horrelakoetan; baina, hizkuntzari dagokionez, beste gomendio hauek bildu ditugu beroa hizpide hartuta.

Hedabideetan eta sare sozialetan honelakoak ikusten dira batzuetan: «Bihar bero asko egingo du», «Aurtengo udan aire egokiturik gabe urtu egingo gara», «Eskandalua ezkutatzen saiatzeko, haizegailua jarri dute martxan».

Bero zakarra. Kiskaltzeko, itotzeko beroa. Udako bero kiskalgarria. Bero sapa. Adibide horiek guztiak jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, bero sarreran. Molde horiek guztiak erabil daitezke, beste batzuekin batera, egunotako eguraldi itogarriaz hitz egiteko.

Aditzetan ere badugu non hautatu. Eguraldiaz mintzatuz, berotu aditza du motakoa dela zehazten du Euskaltzaindiak hiztegi arauemailean. Hona hemen adibide bat nola erabiltzen den erakusteko: Hego haize pixka batekin asko berotzen zuen eta gaizki ibiltzen ginen. 

Beste hiru aditz-lokuzio hauek ere agertzen dira hiztegian (adibideak ere handik jasoak dira):

bero egin. Bero egiten zuelako, ardi eta bildots guztiak pagadi bateko gerizpean etzanda aurkitu zituen.
bero egon. Bero zegoen kalean, bero etxeetan.
bero izan. (Batez ereIpar.) Bero zen han eta urik ez zen.

Beroari aurre egiteko moduei dagokienez, berriz, honako hauek aipatu nahi ditugu:

  1. Aire girotu forma arautu du Euskaltzaindiak (aire egokitu, haize girotu eta haize egokitu formak ez dira jaso hiztegi arauemailean).
  2. Toki itxi bateko airea higiarazten duen tresna, giroa freskatzeko erabiltzen dena’ adiera du haizagailu hitzak. Horixe da forma arautua, ez *haizegailu. Izan ere, -gailu atzizkia aditzoinari eransten zaio, eta estandarrerako haizatu aditza hautatu da (ez *haizetu). *Bentiladore ere baztertzekoa da, Euskara Batuaren Eskuliburuak dioenez.
  3.  Hiztegiak honela definitzen du haizemaile sarrera: ‘Haizea ematen duen tresna; bereziki, norbera freskatzeko, eskuaz eragiten zaion orri modukoa, gehienetan toles daitekeena’. Adiera bereko abaniko formak Heg. marka du hiztegian.

Kontuz ibili behar da *bero asko egiten du eta *ez du hainbeste bero egiten moduko egiturekin. Horien ordez, hauek dira molde egokiak, hurrenez hurren: bero handia egiten du; ez du halako berorik egiten / ez du hainbesteko berorik egiten. Izan ere, Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duenez, «beldurra, zoriona, hotza,beroa eta gisako kontzeptuei ezin zaie neurri-unitaterik eta bat, bi, hiru… zenbatzailerik ezarri eta neurtu; horiekin handia, izugarria, betea, luzea edo antzeko izenondoak erabiltzea da egokia».

Beraz, honela idatziko genituzke gorago aipatu ditugun esaldi horiek: «Bihar bero handia egingo du», «Aurtengo udan aire giroturik gabe urtu egingo gara», «Eskandalua ezkutatzen saiatzeko, haizagailua jarri dute martxan».

Azkenik, aurten plazaratutako Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa ere lagungarria izan daiteke horrelako kontuez aritzeko. Euskaltzaindiak UZEIren lankidetzarekin argitaratutako beste oinarrizko lexikoak bezala, Euskaltzaindiaren webgunetik deskarga daiteke.

Ikus, halaber:

Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskara Batuaren Eskuliburua

Oinarrizko lexikoak