Pinochetek estatu-kolpea eman zuenetik 50 urte bete diren honetan, gomendio batzuk gogora ekarri nahi ditugu.
Zenbaitetan, honelakoak irakur daitezke komunikabideetan eta sarean: «Pinocheten Estatu kolpeak 50 urte bete ditu», «Azkenik, Evo Moralesen gobernuaren aurkako Estatu kolpea gauzatu da», «1936ko Estatu kolpe faxistan eraildako nafarrak gogoratuko dituzte».
Euskaltzaindiak estatu-kolpe eta estatu kolpe formak arautu ditu, eta ‘militar edo matxinatu talde bat estatu baten aginteaz indarrez jabetzea’ adierarekin jaso ditu hiztegian.
Beraz, hitz-elkarte horiek osatzen duten estatu forma ez da maiuskulaz nabarmentzekoa, nahiz eta gaztelaniazko golpe de Estado eta frantsesezko coup d’État esamoldeetan maiuskulaz idatzi estatu hitzaren ordaina.
Ikus, esate baterako, Euskaltzaindiaren Hiztegitik jasotako adibide hauek: Pinochetek estatu kolpea eman zuen Txilen, 1973an. Mauritaniako presidente hautatua kargutik kendu zuen atzo armadak, estatu kolpea eman ostean.
Bestalde, hiztegi arauemaileko definizioak eta adibideak arakatuz ikus daitekeenez, estatu-kolpeak eman edo jo egiten dira.
Beraz, horrela idatziko genituzke lehen aipatutako esaldiak: «Pinocheten estatu-kolpeak/estatu kolpeak 50 urte bete ditu», «Azkenik, Evo Moralesen gobernuaren aurkako estatu-kolpea/estatu kolpea gauzatu da», «1936ko estatu-kolpe/estatu kolpe faxistan eraildako nafarrak gogoratuko dituzte».