- Zenbaitetan altzairu erabiltzen da altzari izenaren ordez.
Harrigarria dirudien arren, altzairu eta altzari nahasi egiten dira zenbaitetan. Hiztegi arauemaileak honela definitzen du altzari: ‘Leku bat, eta bereziki etxe bat, janzteko edo hornitzeko erabiltzen den objektu higigarria’. Aldiz, altzairu hitzak ‘karbono eta burdinazko aleazioa’ adiera du.
Hala ere, zenbaitetan altzairu erabiltzen da altzari izenaren ordez, eta horrelako esaldiak irakurtzen edo entzuten dira: «Biok enpresa sortu zuen, etxeko altzairuak diseinatu eta sortzeko», «Etxeko altzairuak berak egin zituen», «Oinetako-altzairuak ezin hobeak dira atondoa txukun izateko», «Bezeroen beharretara egokitutako altzairuak egiten dituzte Ugarte Aroztegian», «Udaltzainei esan die lokalean egurrezko altzairuak baino ez zeudela».
Bestalde, ‘kaleetako eta gune publikoetako hornikuntza, zaborrontzi, banku, kale-argi eta kideko elementuek osatzen dutena’ izendatzeko hiri-altzari forma jaso da hiztegian (pl. markarekin).
Gaztelaniatik hartutako mueble eta frantsesetik mailegatutako muble formak ez daude hiztegi arauemailean.
Beraz, gorago aipatutako esaldi horietan guztietan altzari erabiltzea litzateke aukera egokia: «Biok enpresa sortu zuen, etxeko altzariak diseinatu eta sortzeko», «Etxeko altzariak berak egin zituen», «Oinetako-altzariak ezin hobeak dira atondoa txukun izateko», «Bezeroen beharretara egokitutako altzariak egiten dituzte Ugarte Aroztegian», «Udaltzainei esan die lokalean egurrezko altzariak baino ez zeudela».