Zenbaitetan honelakoak irakur daitezke sare sozialetan eta komunikabideetan: «Azpiegitura kritikoen kontrako ziberrerasoak kezka-iturri dira», «Ziberreraso-oldeaz hitz egingo dugu gaurko saioan», «Milaka bezeroren datuak agerian utzi ditu ziberreraso batek».
Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoan honela dago definitua zibereraso: ‘gailu edo sistema informatiko baten aurkako erasoa, hura kontrolatzeko edo hondatzeko, datuak lapurtzeko edo bestelako asmo gaiztoz egiten dena’.
Euskara Batuaren Eskuliburuan gogorarazten den bezala, erre letraz bukatutako nazioarteko aurrizkiz hasten diren hitz eratorri berrietan ez dago errea bikoizteko ohiturarik. Azalpen horrekin batera, adibide gisa jaso dira bertan, besteak beste, ziberespazio eta zibereraso.
Esan ere, aurrizkiaren eta hitzaren artean eten txiki bat eginez esaten dugu azken hori, bi hitzetan esango bagenu bezala (ziber-eraso).
Hortaz, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldi horiek: «Azpiegitura kritikoen kontrako zibererasoak kezka-iturri dira», «Zibereraso-oldeaz hitz egingo dugu gaurko saioan», «Milaka bezeroren datuak agerian utzi ditu zibereraso batek».
Ikus halaber:
-r letraren hitz-bukaerak sortzen dituen zalantzak
Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa