Batzuetan, honelako esaldiak irakurtzen dira sare sozialetan eta hedabideetan: «Zorionak eta urteberri on! Urte emankorra opa dizuegu», «Hiru adingabe atxilotu dituzte Urtezahar-gauean Portugaleten gazte bat jipoitzeagatik», «Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 2.142 ezkontza izan dira, aurreko urtean baino % 43,4 gehiago».
Urteberri egunean eta ingurukoetan norbaiti urte berri ona opatzeko urte berri on interjekzioa erabiltzen da, ez *Urteberri on.
Era berean, urte on erabil daiteke urte berri ona opatzeko.
Aldiz, Urteberri hitzak ‘urteko lehen eguna’ adierazten du, eta maiuskulaz idazten da beti. Beraz, «Urteberri on!» idazkera ez da egokia urte berri ona opatzeko. Modu berean, maiuskulaz idazten dira ‘abenduaren 31, urteko azken eguna’ adierako Urtezahar hitza eta hiztegian Ipar. markarekin eta ‘Urteberri eguna’ adierarekin jasota dagoen Urtats hitza ere.
Urtezahar egun eta Urteberri egun esamoldeak ez dira marratxoz idazten, ez baitira hitz-elkarteak, aposizioak baizik: Urtezahar / Urteberri (izeneko) egun edo izango lirateke, nolabait esateko.
Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten duenez, «iaz eta joan zen (den) urtean / iragan urtean baliokideak dira, baina aurreko urtean ez da haien baliokide». Izan ere, aurreko urte esamoldeak ez du balio gauden urtearen aurrekoa adierazteko, ‘iazkoa izan ezik, beste edozein urteren urtebete lehenagoko urtealdia’ adierazten baitu.
Analogia bera dago atzo eta aurreko egunean esapideen artean ere, eta esamolde horiek ere ez dira baliokideak.
Beraz, ohar horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke goian aipatutako esaldiak:
«Zorionak eta urte berri on! Urte emankorra opa dizuegu», «Hiru adingabe atxilotu dituzte Urtezahar gauean Portugaleten gazte bat jipoitzeagatik», «Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 2.142 ezkontza izan dira, iaz / joan den urtean baino % 43,4 gehiago».
Ikus, halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua: Aurreko urte(ko) ≠ iaz(ko); aurreko urtean ≠ joan zen (den) urtean