Kezka ugari eragiten digun gatazkaren harira, «Larrialdia Ukranian», «Haur ukraniarrak ekartzeko eskatu du», «Ukrainiaren kontrako erasoa», edo «ukrainiarrei laguntzeko aukerak» bezalakoak irakurri eta entzun ditugu egunotan —erabilera zuzenekin batera— sare sozial eta hedabideetan.
Gertuko erdaretan Ucrania (gaztelaniaz) eta Ucraine (ingelesez eta frantsesez) izendatzen den herrialdearen euskal izena Ukraina da (ez *Ukrania, ez *Ukrainia).
Ukrainako herritarrak ukrainarrak dira (ez *ukrainiarrak, ez *ukraniarrak), eta bertako hizkuntza ofiziala ukrainera da. Beraz, ukraineraz hitz egiten dela esaten dugu (ez *ukrainieraz, ez *ukranieraz).
Bestalde, oraingoz Euskaltzaindiak ez du arautu nola idatzi behar den euskaraz Ukrainako diruaren izena (hrivnia edo grivnia).
Egunotan hizpide dira, halaber, Donetsk eta Luhansk (ez *Lugansk, ez *Louhansk), Errusiak eskualde horien independentzia aitortu berri baitu.
Halaber, Odesa —s bakarrarekin— da Euskaltzaindiak arautu duen izena Ukraina hegoaldeko hiri hori izendatzeko, eta, beraz, *Odessa idazkera baztertzekoa da.
Azkenik, Donbass da Donets ibaiaren eta Azoveko itsasoaren artean dagoen eskualdearen izena euskaraz (ez *Donbas).
Albisteen harira, gogoan izan behar da, halaber, Euskara Batuaren Eskuliburuak gerra (edo gerla, gatazka) lehertu eta antzekoen ordez gerra piztu (edo hasi, irten edo sortu) eta parekoak erabiltzea gomendatzen duela.
Beraz, honako hau izango litzateke gorago aipatutako esaldien idazkera egokia: «Larrialdia Ukrainan», «Haur ukrainarrak ekartzeko eskatu du», «Ukrainaren kontrako erasoa» eta «ukrainarrei laguntzeko aukerak».
Ikus, halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua: lehertu
38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak
154. araua. Europako eskualde historiko-politiko nagusiak
157. araua: Europako hiriak
159. araua: Europako toponimia fisikoa