- ‘San Joan egunaren inguruan egiten diren jaiak’ adierazteko sanjoanak da forma egokia, 125. arauak dioenez, horrelako jai-izenak letra xehez eta pluralean deklinatuta eman behar baitira.
- Forma horrekin batera, Jagonet kontsulta-zerbitzuko galde-erantzunetan San Joan jaiak esamoldea ere proposatu du Akademiak.
Udako solstizioaren hasiera dela eta, gaurko egunez sua pizteko ohitura dugu Euskal Herriko txoko askotan, baina azkenaldian izan ditugun bestelako sute beldurgarriak ikusita, aurten horrelako suekin kontu handiz ibiltzea eskatu dute. Hizketagai horri tiraka, suaz idazteko gomendio batzuk bildu ditugu hiztegitik.
Batzuetan, horrelako esaldiak irakur daitezke hedabideetan eta sare sozialetan: «Ohi bezala, auzo guztietan piztuko dituzte aurten *sanjoan suak», «Nafarroako Gobernuko presidenteak zuhurtzia eskatu du *San Joanen», «Hiru lagun atera dituzte *su hiltzaileek gaur gauerdian eraikinetik».
Suaz hitz egiteko esamolderik ez zaigu falta euskaraz. Zerbait erretzen hasten denean, su hartu duela edo suak hartu duela esaten dugu. Hona hemen hiztegi arauemailetik jasotako adibide batzuk: «su hartu zuen etxeak», «gure etxea suak hartu du».
Iparraldean, berriz, ohikoa da su(a) lotu aditz-lokuzioa ere, bi molde hauetan erabiltzen dena: «su(a) lotu da etxean», «su(a) lotu zaio etxeari».
Gaiztakeriaz edo etekina ateratzeko asmoz zerbaiti nahita su ematen dionari su-emaile edo supiztaile esaten zaio; piromano hitzak, berriz, ‘suteak eragiteko zaletasun patologikoa duena’ adierazten du, Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioenez.
Bestalde, hitz batean idazten da suhiltzaile (ez *su-hiltzaile, ez *su hiltzaile).
‘San Joan egunaren inguruan egiten diren jaiak’ adierazteko sanjoanak da forma egokia, 125. arauak dioenez, horrelako jai-izenak letra xehez eta pluralean deklinatuta eman behar baitira.
Forma horrekin batera, Jagonet kontsulta-zerbitzuko galde-erantzunetan San Joan jaiak esamoldea ere proposatu du Akademiak.
Idazmolde berekoak dira, alegia, maiuskulaz eta santuaren erreferentzia bi hitzetan emanez eratuak, San Joan su eta San Joan bezpera. Azken hori alkate-dantza sarreraren definizioan erabili du Euskaltzaindiak.
Beraz, gorago aipatutako esaldiak horrela idatziko genituzke: «Ohi bezala, auzo guztietan piztuko dituzte aurten San Joan suak», «Nafarroako Gobernuko presidenteak zuhurtzia eskatu du sanjoanetan», «Hiru lagun atera dituzte suhiltzaileek gaur gauerdian eraikinetik».
Ikus, halaber: