1. HOME
  2. NEWS
  3. Neoloteka, euskarazko hitz berrien ataria, jarri du sarean UZEIk

Neoloteka, euskarazko hitz berrien ataria, jarri du sarean UZEIk

news
  • Errealitate berriak izendatzeko euskaraz erabiltzen ditugun hitz eta esamolde berriak bilduko ditu uzei.eus/neoloteka helbidean.
  • Inguruko hizkuntzetan ohikoak dira horrelako egitasmoak.
  • Etengabe osatuko du UZEIk sarean jarri berri duen Neoloteka, eta hiztunek ere sarrera berriak proposatu ahal izango dituzte.

 

Errealitate berriak izendatzeko hitzak

Euskarazko neologismoak ardatz dituen UZEIren egitasmoa da Neoloteka.

Bizirik dagoen edozein hizkuntzatan etengabe erabiltzen dira hitz berriak. Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze-bidean dagoen hizkuntza batentzat.

Horregatik, errealitate berriak izendatzeko euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik bertatik hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamolde berriak (euskarazko neologismoak) bilduko ditu UZEIk Neolotekan.

Beste hizkuntzetako egitasmoen eredura

UZEIren Neoloteka egitasmoaren helburua euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituen behatoki bat sortzea da. Horrelako egitasmoak ohikoak dira beste hizkuntzetan, eta horren adibide dira, besteak beste, katalanezko eta gaztelaniazko neologismoak biltzeko eta aztertzeko sortu diren egitasmoak. Euskarak ere horrelako egitasmoak behar dituenez, Neoloteka ataria abian jartzeko beharra ikusi du UZEIk.

Etengabe osatuko da

Atariak barnean hartuko dituen neologismoak -euskaraz gaur egun erabili arren- erreferentziazko lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira maiz. Hala ere, gerta daiteke Neolotekan jasotako formaren bat hiztegi lexikografikoren batean ere jasota egotea. Edonola ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren paperezko azken bertsio argitaratua (2016. urtekoa) erabiliko da esklusio-corpus gisa (hau da, hiztegi arauemaile horretan ageri diren formak ez dira Neolotekan agertuko).

Antzeko beste neologismo-biltegi batzuen eredura, etengabe osatuko da Neoloteka, eta hilero 20 sarrera inguru gehituko dizkiola aurreikusten du UZEIk. Hiztegian jasota ez dauden eta euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak proposatu ahal izango dituzte hiztunek, inprimaki bat betez, eta Neolotekan gehitzeko hautagai gisa aztertuko ditu UZEIk.

Egitasmo honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du.