1. HOME
  2. NEWS
  3. «Lekutu» aditzak ez du ‘kokatu’, ‘ipini’, ‘jarri’ edo ‘ezarri’ esan nahi

«Lekutu» aditzak ez du ‘kokatu’, ‘ipini’, ‘jarri’ edo ‘ezarri’ esan nahi

Recommendations

‘Urrundu, baztertu, desagertu’ adiera du.

Zenbaitetan horrelako esaldiak entzuten edo irakurtzen dira: «Urumea ibaia eta Urgull mendia erreferentzia oso baliagarriak dira Donostia lekutzeko», «Umeentzako jolaslekua plazaren erdialdean lekutuko da», «Makiavelo bere garaiko giroan lekutzen ahaleginduko gara».

Hiztegian ikus daitekeenez, leku hitzak, oinarrizko adierez gain, ‘espazioan edo denboran oso urrun dagoen lekua’ adiera du «lekutara eraman dute!» moduko esaldietan.

Hiztegi arauemailean jasotakoari jarraikiz, Euskara Batuaren Eskuliburuan esaten da lekutu aditzak ‘urrundu, baztertu, desagertu’ adiera duela, ez besterik. Hona hemen Lexikoaren Behatokiaren Corpusetik jasotako lekukotasun batzuk: «Familia, haurra izan ondoren, hiriburutik lekutu zen», «Oraindik ez zait oroimenetik lekutu», «Eroslea liburuarekin lekututa, saltzailea eta biak bakarrik gelditu ginen saltokian».

Alegia, lekutu aditza ez da kokatu, ipini, jarri edo ezarriren sinonimo.

Hortaz, gorago aipatutako esaldiak honela molda daitezke: «Urumea ibaia eta Urgull mendia erreferentzia oso baliagarriak dira Donostia kokatzeko», «Umeentzako jolaslekua plazaren erdialdean jarriko/ipiniko/ezarriko/kokatuko da», «Makiavelo bere garaiko giroan kokatzen ahaleginduko gara».

Argibide gehiagorako:

Euskara Batuaren Eskuliburua: Lekutu.