1. HOME
  2. NEWS
  3. Espioitza-kontuak hiztegian

Espioitza-kontuak hiztegian

Recommendations

Pegasus softwarearen auzia dela eta, aurkari politikoen telefono mugikorrak zelatatu izana albiste den honetan, espioitza-kontuei buruz hitz egiteko ohikoak diren hitzak eta esamoldeak hautatu ditugu hiztegitik.

Espioi forma arautu da euskara estandarrerako (ez *espia). Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehazten duenez, izena ez ezik, adjektibo gisa ere erabil daiteke espioi, eta horren erakusgarri da hiztegi arauemailean bertan irakur daitekeen adibide hau: «Amerikar hegazkin espioi bat atzeman dute errusiarrek».

Ildo beretik, Euskaltzaindiak eta UZEIk kaleratu berri duten Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoasoftware espioi proposatzen da, spyware forma arautuarekin batera. Alegia, Pegasus bezalako programak izendatzeko erabil daitekeen software espioi esamoldean espioi adjektiboa da.

Hiztegi arauemailean espioi eta agente sarrerak erreferentzia bidez lotuta daude. Berez, bi hitz horiek ez dute adiera bera (honela definitzen baitu hiztegiak agente: ‘gobernu baten zerbitzura lan egiten duen pertsona, hiritarren segurtasunaz eta legea betearazteaz arduratzen dena’), baina askotan baliokide gisa erabiltzen dira agente sekretu esamoldea (adibideetan ageri dena) eta espioi.

‘Espioi-lana’ adierazteko, berriz, espioitza formaz gain, Iparraldeko markarekin araututa dago espiontza ere.

Bestalde, zerbitzu sekretu eta inteligentzia-zerbitzu esamoldeak erabili ohi dira espioitzaz arduratzen diren gobernu-erakundeak izendatzeko, baina forma horiek ez dira oraingoz iritsi hiztegi arauemailera. Bigarren esamolde horretan, noski, inteligentzia hitzak ez du ‘adimen’ edo ‘buruargitasun’ adiera.

Azken ohar bat: sekretuak gorde edo atxiki egiten dira, baina ez altxatuEuskara Batuaren Eskuliburuak dioenez, kalko desegokiak dira zigorradebekuabahitura edo enbargoakonfinamendua… altxatu eta gisakoak (es: ‘levantar el veto’ / (fr) ‘lever le veto’). Beraz, «oraindik ez diote sekretua altxatu sumarioari» eta antzekoen ordez, «oraindik ez diote sekretua kendu sumarioari» eta parekoak hobesten dira.

Erreferentziak:
Euskaltzaindiaren Hiztegia
Euskara Batuaren Eskuliburua
Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa