1. HOME
  2. NEWS
  3. Hauteskunde orokorrak: gomendioak

Hauteskunde orokorrak: gomendioak

Recommendations
  • Hauteskunde orokorrak hizpide ditugun egunotan, zenbait gomendio linguistiko gogora ekarri nahi ditugu, bereziki letra larrien eta zenbakizko adierazpenen erabilerari buruzkoak.

1. Gorteak, Diputatuen Kongresua eta Senatua
Hiztegi arauemailean zehazten denez, gorte hitza hizki larriz idazten da ‘Espainiako Estatuko Parlamentua’ izendatzen duenean. Adiera horretan, pluralean erabiltzen da: Gorteak.

Era berean, Gorte Nagusi sarrera ere pl. markarekin jasota dago Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailean:

Gorte Nagusi
iz
. pl. Heg. Espainiako Estatuko Parlamentua, bi ganberaz osatua dena (Diputatuen Kongresuaz eta Senatuaz). Gorte Nagusiek hiru hilabeteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, araudia onartzeko. Lehenengo xedapen gehigarrian, Gobernuari agintzen zaio lege-proiektu bat egin dezala Gorte Nagusiei igortzeko. Behin onartuta, Gorte Nagusietan aurkeztuko da.

Definizioak berak erakusten duenez, Diputatuen Kongresu eta Senatu ere letra larriz idazten dira ganbera horiek izendatzen dituztenean.

2. Kargu-izenak, beti letra xehez
Aldiz, diputatu, senari, lehendakari, alkate, ahaldun nagusi eta parekoak izen arruntak dira, eta, beraz, letra xehez idazten dira beti, bai erabilera generikoan, bai pertsona jakin bat izendatzen dutenean. Adibidez:

«Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bilera egin du Galdakaoko alkatearekin eta Bizkaiko ahaldun nagusiarekin».

3. Ehunekoak adierazteko modua
Hauteskundeetako parte-hartzearen eta emaitzen berri ematean, kontuan hartzekoa da zenbakizko adierazpenak nola idatzi behar diren. Euskaltzaindiaren 203. arauan gogorarazten da ehuneko hitzarekin batera zenbakia hitzez idatzi behar dela, ez zifraz.

Adibidez:

«Hauteskunde-barrutian emandako botoen % 3 eskuratu behar da hautetsia izateko» / «Hauteskunde-barrutian emandako botoen ehuneko hiru eskuratu behar da hautetsia izateko».

Beraz, ehuneko 3* idazkera ez da zuzena.

Informazio gehiago: