1. HOME
  2. NEWS
  3. Gaikako sailkapen berria Neolotekan, bilaketak errazteko

Gaikako sailkapen berria Neolotekan, bilaketak errazteko

neologismoak, news

Euskarazko hitz eta esamolde berriak biltzen dituen ataria da Neoloteka.

Bertan orain arte kontsultagai dauden neologismo bakoitzari gaiaren araberako sailkapena esleitu diogu, erabiltzaileek bilaketa tematikoak egin ahal ditzaten. Adibidez, ingurumenari buruzko edo feminismoari eta berdintasunari buruzko neologismo guztiak bilatu ahal izango dira lehen aldiz.

UZEIren Neolotekak gero eta sarrera gehiago dituen neurrian, are beharrezkoagoa zen gaika antolatzea neologismoak. Alde horretatik, aurrerapauso nabarmena da sailkapen-sistema berria.

Hiztunak, lankide

Hitz berriak gehitzea proposa ditzakete erabiltzaileek, Neolotekan bertan dagoen inprimakiaren bidez. Horrela sartu dugu egunotan, esate baterako, ziberjazarpen sarrera, erabiltzaile batek ohartarazi digun bezala orain arte ez baitzegoen jasoa.

Hitz berri bakoitzarekin batera, lekukotasunak ere biltzen dira Neolotekan –bizpahiru gehienetan–, erabilera errealaren erakusgarri. Testuinguru horiek lagungarriak dira hitz horiek nolako testuinguruetan agertzen diren ulertzeko.

Era berean, Kataluniako TERMCAT zentroarekin eta Frantziako Gobernuaren DGLFL zuzendaritzarekin UZEIk duen lankidetza neologismoen arlora ere hedatu dugu, eta hiru erakundeok urtean zehar identifikatzen eta lantzen ditugun hitz eta esamolde berrien berri ematen diogu elkarri, baliabideak eta darabilgun lan-prozedurak optimizatzeko.