Askotan horrelako esaldiak irakurtzen dira komunikabideetan eta bestelako testuetan: «Abuztuaren amaiera arte astebururo geldialdi bat egingo du», «Autobusak 30 minuturo irtengo dira», «Hiru hilero auzolana egiteko dinamika hasiko dute».
Euskaltzaindiak asteburuero arautu du. Hala ere, askotan irakurtzen edo entzuten da *astebururo forma. Euskara Batuaren Eskuliburuan esaten denez, -ero atzizki-aldaera duten formak arautu ditu Euskaltzaindiak, hitza diptongoz edo –o/-u bokalaz bukatzen denean: gauero, jaiero, minutuero, neguero, orduero, segundoero.
Eskuliburu horretan bertan gogorarazten denez, ez dira arauzkoak *bi astero, *bi urtero, *hamar egunero eta pareko esamoldeak, alegia, <zenbakia + izena + -ero> osaerakoak. Horien ordez, bi astean behin, bi astetik behin, bi astez behin eta parekoak dira molde egokiak.
Hortaz, honela idatziko genituzke hasierako esaldi horiek: «Abuztuaren amaiera arte asteburuero geldialdi bat egingo du», «Autobusak 30 minutuan behin / minututik behin / minutuz behin irtengo dira», «Hiru hilean behin / hiletik behin / hilez behin auzolana egiteko dinamika hasiko dute».
Azalpen gehiagorako: