1. HOME
  2. NEWS
  3. Euskaltzaindiak «jaurtigai» arautu du, ez «proiektil»

Euskaltzaindiak «jaurtigai» arautu du, ez «proiektil»

Recommendations
  • Batzuetan, jaurtigai hitzaren sinonimoa balitz bezala erabiltzen da jaurtigailu.

Zenbaitetan, horrelako esaldiak irakur daitezke han-hemen: «Lau proiektil zeuden egurrezko kaxa batean sartuta», «Jaurtigailuz jositako bisonte baten irudia aurkitu dute kobazulo horretan», «Zortzi zibil hil dituzte islamistek botatako jaurtigailuek», «Gomazko piloten inguruko eztabaidaren ostean, jaurtitzaile berriak erabiltzen hasiko dela adierazi du poliziak».

Hiztegi arauemailean ez da proiektil hitza agertzen. Are gehiago, proiektil bilatuz gero, jaurtigai sarrera aurkitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiko bilatzaileak, eta honako mezu hau bistaratzen du: «Ez da bilaketa-irizpideak betetzen dituen emaitzarik aurkitu. Hau bilatzen duzu?». Izan ere, hori da (jaurtigai) ‘eskuaz edo jaurtigailu batez jaurtitzen den gauza’ adierazteko arautu den forma, ez *proiektil.

Bestalde, kontuan hartzekoa da batzuetan jaurtigailu erabiltzen dela ‘jaurtigai’ adierazteko. Bada, hiztegiaren arabera, ‘jaurtigaiak jaurtitzeko erabiltzen den tresna’ da jaurtigailu bat. Beraz, jaurtigai eta jaurtigailu ez dira sinonimoak.

Azkenik, jaurtitzaile hitzak ‘zerbait, bereziki jaurtigai bat, jaurtitzen duen pertsona’ adiera du, hiztegi arauemailearen arabera. Alegia, ez dio erreferentzia egiten ez zerbait jaurtitzeko erabiltzen den tresnari, ez jaurtigaiari, baizik eta zerbait jaurtitzen duen pertsonari.

Ohar horiek kontuan hartuta, horrela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldiak:

«Lau jaurtigai zeuden egurrezko kaxa batean sartuta», «Jaurtigaiz jositako bisonte baten irudia aurkitu dute kobazulo horretan», «Zortzi zibil hil dituzte islamistek botatako jaurtigaiek», «Gomazko piloten inguruko eztabaidaren ostean, jaurtigai berriak erabiltzen hasiko dela adierazi du poliziak».

 

Ikus, halaber: Euskaltzaindiaren Hiztegia