1. HOME
  2. NEWS
  3. Inozente eguneko txantxak: idazkera-gomendio batzuk

Inozente eguneko txantxak: idazkera-gomendio batzuk

Recommendations
  • Abenduaren 28a Inozente eguna dela aitzakiatzat hartuta, gomendio batzuk bildu ditugu.

Batzuetan, honelako esaldiak ikus daitezke sare sozialetan eta hedabideetan:

«Nori ez diote sekula Inuzenteen Egunean ziria sartu?», «Adar jotze galanta da, eta ezin dugu onartu».

‘Herodesek Betleem herrian bi urtez behetiko haur guztiak hilarazteko eman zuen agindua gogorarazten duen eguna’ izendatzeko, Euskaltzaindiak Inozente egun forma arautu du (ez *Inuzente egun).

Egun hori, abenduaren 28a, txantxak egiteko edo adarra jotzeko eguna izaten da Hegoaldean.

Iparraldean, aldiz, bada txantxak egiteko beste egun bat, apirilaren lehena, Inozente egunarekin inolako loturarik ez duena. Egun horretan egiten den txantxari apiril(-)arrain esaten zaio, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotzen denez.

Hiztegiaren arabera, txantxa ‘asmo gaiztorik gabeko adarjotze edo zirikada, atsegin hartzeko egiten dena’ da. Gogoan hartzekoa da, definizio horretan bertan erabiltzen den adarjotze forma lotuta arautu duela Euskaltzaindiak (ez *adar jotze, ez *adar-jotze).

Beraz, horrela idatziko genituzke goian aipatutako esaldi horiek: «Nori ez diote sekula Inozente egunean ziria sartu?», «Adarjotze galanta da, eta ezin dugu onartu».