- Gazako zerrenda toponimoaren ezohiko protagonismoak bide eman du zerrenda bat lursail luze eta estua ere badela gogoratzeko.
Hamarkada bat baino gehiago joan da Euskaltzaindiak Gazako zerrenda forma arautu zuenetik, baina aurten ezohiko protagonismoa izan du toponimo horrek; bereziki, urriaz geroztik Palestinatik iristen ari diren albiste lazgarrien harira. Hedabideen bidez jarraitu ahal izan diren giza eskubideen urraketek zeresan handia eman dute nazioartean eta hizkuntza guztietan, baita euskaraz ere.
Hain zuzen ere, aurten Gazako zerrenda forma komunikabideetan hainbeste erabili izanak, zeharka bada ere, bide eman du euskarazko zerrenda hitzak ‘lursail luze eta estua’ adiera ere baduela gogoratzeko.
Beste zerrenda batzuk
Beharbada, gaur egun zerrenda hitza aipatu eta edonori burura etortzen zaion lehen adiera ez da hori, baizik eta hiztegi arauemailean jasota dagoen beste hau: ‘bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa’. Esate baterako, gai-zerrenda, itxaron-zerrenda eta zerrendaburu hitzak oso ohikoak ditugu eguneroko hizkeran.
Horrekin batera, zerrenda hitzak badu ‘zati luze eta meharra’ adiera ere. Adibidez, marrazkilariek egunkarietan eta aldizkarietan argitaratzen dituzten formatu luzeko marrazkiei ere zerrenda esaten zaie.
Aurten puri-purian egon den adiera
‘Lursail luze eta estua’ adierako lekukotasun ugari daude jasota Euskaltzaindiaren hiztegi historiko deskriptiboa den Orotariko Euskal Hiztegian, euskarak bere-bereak baititu, adibidez, lur-zerrenda eta pareko esamoldeak (gauzen edo izenen segida batekin zerikusirik ez dutenak). Ez da, beraz, adiera berria, inondik inora.
Baina, inguruko hizkuntzetan Gazako zerrenda esamoldeak dituen ordainekin ez bezala, euskarazko moldeak bide eman du zerrenda hitzaren adiera hori –hiztun batzuek agian hain barneratua ez zutena– ezagunagoa izan dadin.
Horregatik, euskaratik begiratuta, aurten erabilera nabarmena edo bereizgarria izan duten hitzen artean, zerrenda hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitz.