1. HOME
  2. NEWS
  3. Euskaltzaindiak eta UZEIk 2022ko hitza aukeratu dute: «zorioneko»

Euskaltzaindiak eta UZEIk 2022ko hitza aukeratu dute: «zorioneko»

news, Uncategorized
  • Irulegiko eskua dela eta, hitz horrek hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dute urteko hitz.
  • Aranzadi Zientzia Elkarteak azaroan ezagutzera eman zuenez, baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena den brontzezko pieza horretan «sorioneku» hitza irakur daiteke.
Irulegiko eskua
Iturria: argia.eus

«Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena»

Arangurengo (Nafarroa) Irulegi mendiko aztarnategian aurkitutako brontzezko eskuan, «orain arte baskoieraz ezagutzen den testu zahar eta zabalena» dago idatzita, Aranzadi Zientzia Elkarteak aurten ezagutzera eman duenez.

Aurkikuntza arkeologiko horren begi-bistako garrantzia dela eta, albisteak oihartzun handia izan du, eta nazioarteko komunikabide handi batzuek ere horren berri eman zuten azaroan.
Ezbairik gabe, zientzialariek Irulegiko eskuaren idazkuna osatuko luketen hitzetako bat «sorioneku» gisa transkribatu izanak zeresan handia eman zuen ondorengo egun eta asteetan.

Soka luzeko hizketagaia

Orduz geroztik, «zorioneko» hitza ardatz duten mezu eta lelo ugari hedatu dira euskararen inguruan, eta horren adibide dira Euskaraldiaren eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira zenbait erabiltzailek eta erakundek esandakoak.

Itxura guztien arabera, oraindik ere emango du zeresana Irulegiko eskuak, euskaltzainburuak gogoratu zuen bezala, diziplina arteko ikerketa egin beharko baita; beraz, arkeologoek, hizkuntzalariek eta gainerako zientzialariek esaten dutenaren zain geratu beharko dugu oraingoz.

Komunikabideak eta sare sozialak, hautuaren oinarri

UZEIk egunero egiten du lexikoaren jarraipena, nagusiki komunikabideak arakatuz, besteak beste hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnak garatzeko eta mantentzeko. Jarraipen horretan oinarrituta hautatzen dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitza.

Aurten, inflazioak, Ukrainako gerrak eta hizpide izan diren beste gai nagusi batzuei itzal egiteko adinako hedadura izan du Irulegiko eskuak. Horren adibide da, esaterako, gertakari horren inguruko oihartzunak Euskaltzaindiaren Hiztegian utzi duen nolabaiteko arrastoa, «zorioneko» formak azaroko aste bakarrean izan baitzuen hiztegi digital horretako sarrera bakoitzak aurten batez beste izandako kontsulta-kopuru bera.

Euskararen proiekzioa hauspotzeko lagungarri

Mitxelenaren hitzak gogora ekarriz, euskararen miraririk handiena hainbeste mendetan zehar irautea dela azpimarratu zuen Andres Urrutiak. «Aurkikuntza, bere benetakotasuna eta euskararekin bat datorrela baieztatzen bada, euskara lurralde honetan presentzia oso zaharra duen hizkuntza dela zabaltzeko eta horren kontziente izateko beste mugarri bat izango da, lurralde honen hizkuntza bat delako eta, beraz, gaur egun sozialki proiektatu behar dugun hizkuntza bat delako, dagokion estatusa izan dezan» esan zuen euskaltzainburuak.