1. HOME
  2. NEWS
  3. 2025eko 25 hitz

2025eko 25 hitz

news, Urteko-hitzak

Urtea joan, urtea etorri, hilabetez hilabete ahotan ibili ditugun gaiak eta hitzak biltzen ditugu zerrenda honetan. Oraingoan ere denetarik jaso dugu, tradizioari jarraikiz.

1.- Azken egunotan gripeari iskin egin badiozue, zorionak. Agian ez duzue gogoratuko, baina, hasi ere, aurtengo urtea gripeak jota hasi zuen jende askok. Are gehiago, gripearekin batera, norobirus hitza ere zabaldu zen. Oso kutsakorra den birus horrek beherakoa eta botalarria eragiten omen du hiru bat egunez, ikasi genuenez.

2.- Urtearen lehenengo egunetik bertatik, Donald Trump izan da gaixotzeko adinako buruhausteak sortu dituen beste bat, orduantxe sartu baitziren indarrean Txinaren, Kanadaren eta Mexikoren aurkako muga-zerga famatuak. Urteko hitz hautatzeko bide ere eman du horrek, pentsa!

3.- Horrekin nahikoa ez, eta Mexikoko golkoa leku-izenarekin gora eta behera ibili zitzaigun gizona. Ez omen zuen gustuko, eta Amerikako golkoa egokiagoa omen. Google Mapsek ere aldatu zuen izena AEBko bezeroen mapetan, antza. Gurean, aldiz, lehengoari eutsiko diogu; besteak beste, Euskaltzaindiak 2024ko abenduan arautu baitzuen Mexikoko golkoa.

4.- Ez da hori arautu berria den hitz bakarra. Urtarrilean beste hitz-sorta bat sartu zen hiztegi arauemailean. Horien arten, ajoarriero izan zen Akademiak prentsa-oharrean nabarmendu zuen hitz-zerrendako lehena. Bakailaoa gogoko baduzu, hemendik aurrera badakizu.

5.- Eta bakailaoa jatera sagardotegira joaten bazara, aurten ikasi dugun beste hitz hau ere gogoan hartu: pommelier. Izan ere, American Cider Association erakundeak Haritz Rodriguez donostiarra pommelier izendatu du aurten. Alegia, ardoetan adituak diren sommelier horiek bezala, baina sagardoetan aditu. Zorionak, Haritz!

6.- Lanbide berri batzuk sortzen dira, beste batzuk desagertzen… Eta antzeko zerbait gertatzen da izenekin ere. Aurten, esaterako, otsailean erabaki zuten azkenean Biarrizko auzo ezagun bati izena aldatzea! Izan ere, gutako askorentzat La Negresse izenak arrazakeriaren eta sexismoaren kutsua zuen. Apirilean galdeketa bat egin zuten izen berria hautatzeko, eta, proposatutako hiru aukeren artean, L’Alegresse hautatu zuen jendeak. Galdeketan, haatik, ez zuten aukera gisa jaso auzoaren garai bateko euskal izena –Harausta–, baina zerrenda honetan, behintzat, jasota geratuko da.

7.- Otsailera itzuliz, nola ahaztu mundu guztiko albistegiak asaldatu zituen Gazako Riviera eskandalagarri hura? Palestinarrak kanporatu eta bertan turismorako Riviera berri bat eraikitzea proposatu zuen Trumpek, Benjamin Netanyahu ondoan zuela. Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeak Palestinar Lurralde Okupatuetarako duen ordezkariak proposamen hura legez kanpoko erokeria immorala zela gogorarazi zuen.

8.- Oraindik otsailean, beste eskandalu bat izan genuen hizpide. Orduan jakin zen Frantziako gobernuak bilerak egin zituela isilpean Perrier, Vittel, San Pellegrino, Vichy Célestins eta beste hainbat ur-marka ezagunen jabeak diren bi enpresa handirekin (Nestlé eta Sources Alma). Irakurri genuenez, txorrotako ur kutsatua tratatu eta ur mineral garbia balitz bezala saldu dute urte luzez enpresa horiek.

9.- Baina albiste guztiak ez dira txarrak izan. Martxoan, Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako barometroaren datuak argitaratu ziren, eta, horien arabera, EAEko herritarrek ez dute uste immigrazioa arazoa denik, eta eragin positiboa duela diote. Hori bai, azterketa horretan esaten zenez, aurten oihartzun zabala izan duen beste kontu batek sortzen die kezka herritarrei: gizartearen polarizazioa deitzen duten horrek, hain zuzen ere.

10.- Horrelaxe gaude gaur egun. Tira, horrelaxe, eta gerrarako prestatzen ere bai, antza denez. Izan ere, zerrenda honetan sartzeko merezimendu osoa du berrarmatu aditzak. Urte luzez desarmatzeaz hitz egin ondoren, berrarmatzea hizpide izan dute aurten askok; besteak beste, gastu militarra handitzeko plan bat aurkeztu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Beste zer egin genezake, bada, 800.000 milioi eurorekin?

11.- Kalkulatu egin beharko litzateke, baina, esate baterko, zenbat superordenagailu kuantiko dezente eros daitezke diru horrekin? Europan oraingoz horrelako tramankulu bakarra omen dago: hain zuzen ere, Donostian apirilean instalatu zutena. Hau da hau! Nork esango zukeen horrelako gauzak ikusi behar genituenik!

12.- Egia esateko, zientziaren aurrerapenek harri eta zur uzten gaituzte behin eta berriz. Pentsa, desiraungi aditza ere asmatu dute! Zer dela eta? Bada, duela 13.000 urte desagertutako otso bat berriro sortzea lortu omen dutelako. Alegia, iraungita zegoena, desiraungi egin dute, bai. Bide batez, aurten otsoari –oraindik iraungi ez den otso arruntari, alegia– babes berezia kendu dio Madrilgo gobernuak. Badakizue, gizakion kontraesanak.

13.- Edonola ere, aurten ikasi dugun beste gauza bat zera da: nahikoa dugula bizirauteko kit bat etxean izatea edozein gerrari aurre egiteko edo otsoak izango bagina bezala mundutik ez desagertzeko. Etxean 72 orduz bizirik irauteko, esku-argia, pilak, irratia eta hondatuko ez den janaria izatea iradoki ziguten martxoan Europatik. Gogoratzen?

14.- Eta, kasualitatea! Handik aste gutxira, taka! Sekulako itzalaldia. Argindarrik gabe geratu ginen Hegoaldean. Tira, Hegoaldean eta Iberiar penintsula osoan. Orduan ibili ginen gutako asko esku-argia eta pilak azkenekoz non utzi genituen ezin gogoraturik. Antza denez, ezin diogu patuari ihes egin: garai berrietara egokitu beharko dugu.

15.- Egokitu ala hil, Erroman ondo dakitenez. Maiatzean, bi eguneko konklabe labur bat egin zuten kardinalek, aita santu berria izendatzeko. Fumata zuria atera artean, kardinalek nor hautatuko ote zuten asmatu nahian ibili ziren batzuk, idazkera-gomendioren bat freskatzeko baliatu genuen beste batzuok (gogoratu: jubileu-urtea izan da 2025a, ez *jubileo-urtea), etaEgunean Behin jokoan, berriz, aitasantutzari buruzko galdera-sorta bat sartu zuten. Edozertarako aitzakia eman digu konklabeak.

16.- Eta, kardinalek egin duten moduan –bestelako maila batean bada ere–, Euskal Herriko Unibertsitateak ere bere burua berritzea erabaki du aurten. Ekaina ate-joka genuenean, iragarri zuen aurrerantzean UPV/EHU marka erabiltzeari utzi eta EHU erabiliko duela. Txalo-zaparrada hemendik!

17.- Gai ilunagoetara pasatuz, errusierako hitz bat –pogrom– ibili dugu ahotan uda partean: lehenik Sanjoanetan, Hernanin (Gipuzkoa) gertatutakoaren harira, eta, uztailean, Murtzian magrebtar jatorriko pertsonen aurka –edo halakotzat hartutakoen aurka– egindako ehizaldien harira.

18.- Gertakari lotsa-emangarri horiek gorabehera, eskerrak leku guztietan badaudela giza eskubideen alde borrokatzeko prest dauden pertsonak! Horietako batzuek flotilla bat baino gehiago osatu dituzte aurten, Gazara, janariak eta sendagaiez gain, elkartasuna ere eramateko. Bejondeiela! Bide batez, aurten flotilla hitza sartu dugu Neolotekan.

19.-Baina esamolde berriak ez dira beti nazioartekoak izaten. Badira geure-geuretik sortuak ere. Horietako bat da, esaterako, aurten oihartzun galanta izan duen mitoaroa. Urtarrilean egin zuten izen hori duen ikuskizunaren lehen emanaldia, Nafarroa Arenan, eta irailean bigarrena, Donostian. Oholtzaz oholtza, hirugarrena iragarri eta ordu gutxira saldu zituen Zetak taldeak sarrera guztiak.

20.- Irailean bertan, beste oholtza-mota bat izan zen hizpide han eta hemen. Kirol-norgehiagoka batean irabazlearentzat prestatzen den oholtzari podium esaten zaio, hiztegiaren arabera. Baina halakorik gabe bukatu zen Espainiako Vuelta, Euskal Herritik pasatu zenean izandako protestak eredu hartuz, Israel egiten ari den genozidioaren aurkako protestek Madrilen azken etaparen amaiera eragotzi baitzuten.

21.- Urrian, mundu osoko albistegiak Parisera begira jarri ziren. Izan ere, edozein segurtasun-arduradun lotsarazteko moduko lapurreta egin zuten Louvreko museoan, ustez, merke-zurreko lapurrek. Handik egun gutxira, oraindik mundua Parisera begira zegoela, hain urrutira jo gabe, Oroko Santutegitik (Araba) bi tonako(!) kanpaia lapurtu zutela irakurri genuen. Nola? Auskalo. Ez dakigu hemengo hauek Louvreko lapurrak baino profesionalagok ote ziren, baina trebeak bazirenik, behintzat, ezin uka.

22.- Urrian, droga-trafikoari aurre egiteko aitzakia merkearekin, ustezko narkotxalupa batzuk hondoratu zituen AEBk, hasieran Karibe itsasoan, eta, ondoren, baita Ozeano Barean ere. Narkotxalupa ez da aurten sortutako hitza, corpusetan jasotako adibideek erakusten dutenez, baina orain arte gutxitan izan du halako oihartzuna albisteetan.

23.- Ai, eta gauzak nola diren! Azaroan, Bartzelonan txerri-izurri afrikar famatuak jota hildako basurdeak aurkitu zituzten, eta geroztik gure abeltzainak izurria Euskal Herriko txerri-haztegietara ere iritsiko ote den kezkaz egon dira. Bada, izurria zabaltzen lagundu duten basurdeak hainbeste ugaldu izanaren arrazoi garrantzitsuenetako bat otsorik eza omen da, otsoa delako basurdearen harrapakari ia bakarra. Itxura guztien arabera, aurtengo protagonistetako bat dugu otsoa.

24.- Baina, otsoa ez ezik, dagoeneko ahaztuxea genuen beste hitz bat hizpide izan da albistegietan. Azaroko azken txanpan, Emmanuel Macronek 2026rako «borondatezko» soldadutza iragarri zuen. Zer uste zenuten, soldadutza egiteko garaiak joanak zirela betiko? Bada, ematen duenez, soldadutza (edo soldaduska) ahotan ibiliko dugu datorren urtean ere.

25.- Eta zerrendako azken hitza Macronen emazteari zor diogu. Nork esango? Abenduko lehen egunetan hautsak harrotu zituzten Parisko antzoki batean Brigitte Macronek lagunartean esandako hitz batzuek. Bideo batean ikusten denez, Ari Abittan umoristaren ikuskizunaren aurka protesta egiten ari zen feminista-talde bat kritikatu zuen –ustezko bortxaketa bat egin izana egotzi zaio umorista horri–, eta feminista horiek alu zikin batzuk baino ez zirela esan zuen Brigitte Macronek. Hitz horiek eragindako polemika goxatu nahian edo, indarkeria matxistaren biktimak iraindu izana sentitzen zuela esan behar izan zuen aurrerago.

Bai, arreta handia jarri behar zaie hitzei. Gu, behintzat, horretan saiatu gara aurten ere, urteak utzi dizkigun hitz berriak eta ez hain berriak biltzeko.

Datorren urteak ere beste hainbat utziko dizkigu. Ahalik eta goxoenak eta ederrenak izan daitezela denontzat. Urte berri on!