Proiektu Zuzendaritza Lexikoa

 

1. LEXIKOAREN MOTIBAZIOA

Etengabeko aldaketak dituen testuinguruan bizi dira gaur egungo enpresak eta erakundeak, eta, arrazoi horrengatik, eraginkortasunez moldatzeko gai izan behar dute lehiakortasuna ez galtzeko. Horren ondorioz, proiektuen zuzendaritza eta kudeaketaren arloa asko indartu da azken urteotan industrian eta zerbitzuetako sektorean, proiektuak aurrera eramateko ekintza guztiak planifikatu, antolatu, optimizatu eta kontrolatu beharra dagoenez. Eta horixe da, hain justu, proiektu-zuzendaritzaren esparruak duen xedea.

Euskal unibertsitateek aspaldi eman zioten merezi adinako garrantzia arlo horri, eta, hainbat titulaziotan Proiektu Zuzendaritza ikasgaia irakasteaz aparte, master propioak ere garatu dituzte.

Hala ere, erakunde, enpresa eta unibertsitateek ez dute terminologia bateratu bat ezarri; bakoitzak bere terminologia propioa proposatu eta erabili izan du. Eta egoera horrek, jakina, proiektu-zuzendaritza erabiltzen duten eragileen artean komunikazio-gabeziak eragin izan ditu, bai eta euskara erabili beharrean ingelesezko terminoetara jotzeko joera ere.

2. LEXIKOAREN HELBURUA

Proiektu Zuzendaritza lexikoaren helburua, beraz, arlo horretan diharduten eragileek beren jardunean beharrezkoa duten oinarrizko euskarazko lexiko espezializatua adostea eta euskarazko terminologia bateratu bat sustatzea da.

Lexikoak erabiltzaileen artean bere bidea egiten badu, proiektu-zuzendaritzan aritzen diren eragile eta profesionalek tresna baliagarria izango dute euskara elkarren artean modu koherentean erabiltzeko, eta arlo horretan espezializatuko diren ikasleek ere etorkizuneko lanean euskara ere berme osoz aritzeko baliabide praktikoa izango dute.

3. PROIEKTUKO ERAKUNDE SUSTATZAILEAK

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa

UZEIk lexiko orokor eta espezializatua lantzea du helburu sorreratik bertatik. Hiztegigintza da, beraz, bere jardueraren ildo nagusia.

UZEIko Terminologia Sailak landu du Proiektu Zuzendaritza lexikoa, terminologiagintzan duen esperientzia baliatuz. Ondoren aipatuko diren erakunde eta unibertsitateetako adituen ekarpenak bildu ditu bere proposamen lexikoan, esparruko adostasuna bermatze aldera.

Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak 90 kredituko Proiektu Zuzendaritza master ofiziala du 2006tik, eta dagoeneko 300 ikasle baino gehiago trebatu ditu esparru honetan.

Mondragon Unibertsitatea

Unibertsitate honetako Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 60 kredituko Enpresa berrikuntza eta proiektu-zuzendaritza masterra eskaintzen du.

PMI Euskadi branch

Project Management Institute (PMI) ezagutza eta gaitasuna bermatzen dituen ziurtagiriak eskaintzen ditu. Mundu osoan 370.000 profesionalek baino gehiagok dute Proiektu Zuzendaritzako Profesionala (Project Manager Professional – PMP®) ziurtagiria.

PMIren estandarrak dira mundu osoan zehar Proiektu Zuzendaritzaren esparruan onarpen handiena dutenak, eta horiek denak PMBOK (Project Management Body of Knowledge) liburuan biltzen dira.

AEIPRO

Proiektuen zuzendaritzaren eta ingeniaritzaren arloko profesionalak biltzen dituen Espainiako elkartea.

4. ADITUEN LANTALDEA

Ibon Ayo Ingeniaria, Proiektu Zuzendaritzan aditua. PMP ®

Javier Guallar Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa. PMP ®

Joserra Otegi EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskola. Proiektu Zuzendaritzaren arloko koordinatzailea

5. METODOLOGIA, BALIABIDEAK ETA IRIZPIDEAK

Metodologiaren arloan, lan terminologikoek sistematizazio bat behar dute, arlo jakin bateko lexikoa lantzen diren kasuetan. UZEIk bere urte luzeetako esperientzian finkatutako barne-prozedurak eta kalitate-estandarrak erabili ditu lexiko honetan.

Hiztegigintzarako eta terminologia-lanetan erabiltzeko dituen ohiko aplikazio eta baliabideak erabili ditu, aipatutako estandar horiek betez jarduteko. Baliabide eta tresna horiek aplikatzen dituzten irizpide linguistikoen oinarrian daude euskararen hizkuntza-agintaritzek ezarritako arau, gomendio eta hobespenak.

Azken batean, ideia bat da nagusi, betiere, horrelako xedea duten terminologia-lanetan: proposamen lexiko-terminologikoa koherentea izango da euskararen estandarizazio- eta normalizazio-prozesuetan finkatu denarekin. Kanpo-koherentzia hori bermatzea funtsezko elementua da zeregin honetan.

Kanpo-koherentzia hori indartzearekin bat, esparru konkretu honetako proposamen lexiko-terminologikoaren barneko koherentzia bermatzea izan da beste irizpide bat, kalitate-ikur gisa eta normalizazio-bidean funtsezko betebeharra denez. Eragileen arteko inplikazioa garrantzizkoa izango da koherentzia hori finkatzeko eta gero gizarteratzeko eta erabilera sustatzeko.

6. LAN-PROZEDURA

Lan terminologikoetan ohikoak diren urratsak egin dira lexiko hau lantzean ere: aditu-taldea antolatzea, corpusa finkatzea, eremu-zuhaitza zehaztea, terminoen erauzketa, lexikoa terminologikoki lantzea, eta terminoak adostea.

Azken urrats honetan, unibertsitateetako adituek parte hartu izana garrantzi berezikoa da. Izan ere, hezkuntza-sistemak eratzen du normalizazio eta erabileraren zikloari indarra emateko oinarririk sendoena: adituen erabilera adostu batetik abiatuz, konbergentzia indartu (euskara bezalako hizkuntza batentzat oso garrantzitsua), erabilera sustatu, hezkuntza-sisteman irakatsi eta ondorioz ikasi, eta ikasle horiek etorkizunean erabili.

7. LEXIKOAREN EZAUGARRIAK

Proiektu Zuzendaritza Lexikoa lexiko eleaniztuna da, lau hizkuntza biltzen ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa. Euskarazko terminoa bilatzeko edo bertara heltzeko bidean, erabiltzaileari edozein hizkuntzatik iristeko aukerak eskaintzea da biderik praktiko eta eraginkorrena. Eta hizkuntza horien artean dago, noski, ingelesa; nazioarteko teknika-hizkuntza hedatuena izateaz gain, project managementaren arloan oinarrizko kontzeptuak eta terminologia finkatu dituen hizkuntza nagusia da.

Horrela, kontzeptu jakin batek euskara ez den hizkuntza batean zer ordain duen jakinez gero (hizkuntza hori lexikoko edozein dela ere), erabiltzaileak ordain horren bidez euskarazko terminora iristeko sarbide erraza izango du.

Lexikoan 457 kontzeptu jasotzen dira guztira, bakoitza bere definizioaz hornitua eta eremu-zuhaitzaren arabera sailkatua.

EREMU-ZUHAITZA

1. Termino orokorrak

2. Proiektu-zuzendaria

3. Proiektuaren integrazioa

4. Irismena

5. Kostua

6. Kalitatea

7. Kronograma

8. Komunikazioak

9. Hornitzeak

10. Alderdi inplikatuak

11. Baliabideak

12. Arriskuak